Irakurketa denbora: Minutu 1
Otsailean, Gasteizko Udaleko Kultura Zerbitzuak hirian antolatzen diren musika ekitaldien datu-base bat sortzeko helburuarekin izen-emate prozesu bat zabaldu zen. Talde horiek gainera, Andre Maria Zuriaren jaietan Falerinan antolatuko diren kontzertuetan jotzeko aukera ere izango dute. Udalak ezagutzera eman dituen datuen arabera, guztira, 136 dira izena eman duten taldeak. Izena eman duten talde horien guztien artean era guztietako musika-estiloakdaude: rock, latino, folk, jazz, rap, soul, trap, reggaetoia, house, punk, pop, indie… Gainera, taldeen % 63k, haien abestien zerrendan, euskarazko abestiak dituzte.
Talde gehienek, bi eta bost arteko kideak dituzten taldeak dira, nahiz eta zortzi bakarlariren proposamenak ere jaso diren. Emakumeen presentzia % 45ekoa da talde horietan.
Deialdiak jasotako beste alderdi bat eszenatokiko esperientzia izan da. Parte-hartzaileen % 16k bost kontzertu baino gutxiago eskaini dituzte azken bost urteetan, eta beste muturrean, % 8k 100 kontzertu baino gehiago dituzte eginda.
Hemendik aurrera, Kultura Zerbitzuko lantalde teknikoa arduratuko da jasotako hautagaitza guztiak aztertzeaz, kalitatea, aniztasuna eta espazioari zein jai-egutegiari egokitzapena uztartuko dituen programazioa diseinatzeko. Udalak hautatutako taldeekin harremanetan jarriko da laster, eta Gasteizko jaietarako azken kartela Aste Santua baino lehen argitaratuko da.
Jaien programazioa antolatzeaz gain, bildutako informazioa baliagarria izango da datu-base bat osatzeko, Kultura Zerbitzuak kontuan hartuko duena bai Andre Maria Zuriaren hurrengo edizioetan, bai udalaren beste kultura-programazioetan.








