Euskadiko gazteen gizarte ardura nagusiak: ekonomia, ingurumena eta gerrak

Gainera, haurren aurkako sexu-abusuak, eskola-jazarpena eta ziberbullyinga ere euren arduren artean kokatzen dituzte

 Irakurketa denbora: 3 Minutu

UNICEFek Estatu mailan egindako azken Haur eta Nerabeen iritzi barometroaren arabera, Euskadiko gaztetxoen gizarte ardura nagusiak ekonomia (% 24,3), kutsadura eta ingurumena (% 12,9) eta gerra (% 7,9) dira. 

Azken horri dagokionez, Ukrainako gerraren ondoren gora egin du gatazka armatuen gaineko ardurak. Gainera, adinaren arabera, interesak aldatzen dira: gazteenek (11-12 urte) ingurumenari eta gerrei ematen diote garrantzia gehiago eta nerabeek ekonomia jartzen dute erdigunean.

Ekonomiaz arduratuta, baina politikarekiko mesfidati

Euskadiko gazteek geroz eta interes handiagoa erakusten dute ekonomiarekiko baina, politikari dagokionez, agerikoak dira nahitasun eta konfiantza falta: haur eta nerabeen % 58,1arentzako ustelkeria da politikariengan konfiantzarik ez izateko arrazoia nagusia, eta % 18,6k inork ordezkatzen ez duela adierazi du. “Uste dut gazteok ez ditugula politikariak gertuko sentitzen, ez dugu uste entzun behar ditugunik, ez gaituztelako ordezkatzen eta ez dutelako gure interesen alde borrokatzen” esaten du ikerketan parte hartu duen gazteetako batek.

Gainera, datu adierazgarria jasotzen du barometroak: 10 gazteetatik 6k politikak eurengan eraginik ez duela uste du. Horri dagokionez, mesfidati agertzen dira politikariekin, eta galdetutako instituzio publikoen artean, alderdi politikoak eta politika egiten duten pertsonek baloraziorik baxuena jaso dute: 3,76 (0tik 10erako eskala batean).

Politikaren munduarekiko mesfidantza euren partaidetzaren inguruan galdetzen diegunean ere nabaritzen da. Zehazki, % 87k ez du inoiz alderdi politiko batekin lotura duen gazteen elkarteren batean parte hartu.

Bestalde, bizi dugun egoera politiko-ekonomikoa baloratzeko orduan, pertzepzio oso ezberdinak erakutsi dituzte Estatuko egoera eta euren udalerriko egoera alderatuz gero. Gaztetxoen % 30,6k Estatuko egoera politiko-ekonomikoa txarra edo oso txarra dela uste dute; ordea, % 11,6k bakarrik uste du tokiko egoera txarra edo oso txarra dela.

“Ez dut ikusten demokrazia konpontzeko biderik, elkarren artean oso ezberdinak diren pertsonak ordezkatzen dituen norbait behar duzulako, eta politikari horrek badaki ezingo dituela pertsona horiek guztiak pozik mantendu” azaltzen dute.

Beste ardura batzuk

Modu zehatzago batean galdetuta, Euskadiko haur eta nerabeek beste ardura batzuk ere azaldu dituzte: haur eta nerabeen % 88,1ek haurren aurkako sexu-abusuak kezkatzen dituztela azaldu dute, eta % 80k baino gehiagok bullyinga edo ziberbullyinga aipatu dituzte euren ardura garrantzitsuenen artean.

Izan ere, gaur egun Euskadin ditugun bullying edo ziberbullyingaren datuak arazoaren benetako pisua jartzen dute agerian. Hartara, UNICEFen Teknologiaren eragina nerabezaroan ikerketaren datuen arabera, ziberbullyingari dagokionez, gaztetxoen % 19k hilean behin edo gehiagotan jasaten dute, eta % 9,2k astean behin edo gehiagotan. Eskola jazarpenaren datuak, ordea, altuagoak dira: % 32,3k hilean behin edo gehiagotan, eta % 18k astean behin edo gehiagotan.

Genero estereotipoek gora

Kezka horiek guztiak gizartearen isla dira, eta, horien artean, atentzioa deitzen duten genero pertzepzioak aurkitu ditugu; adibidez, genero-desberdintasuna, matxismoa eta indarkeria matxistaren gaineko ardura nabarmen murriztu dela adierazten dute datuek. Ikerketaren lehen edizioko lehen kezka izatetik oraingo edizioko hamabosgarrena izatera igaro da; hain zuzen ere, ikerketaren aurreko edizioan (2019-2020) ardura hori % 89,1ekoa zen eta aurtengo datuek % 72,7ra jaitsi dela adierazi dute. 

Gainera, neskek eta mutilek ez dute ardura maila berdina adierazten gaiaren inguruan eta sexuen arteko aldea ere areagotu da azkeneko urteetan. 2019an distantzia 9 puntukoa zen (% 82 mutilak eta % 92 neskak) eta gaur egun % 25eko aldea dago (% 60 mutilak eta % 84,9 neskak).

Ildo horretan, genero-estereotipoen gorakada nabarmena da, batez ere lanbideei lotutako genero-roletan islatzen dena. Adibidez, enpresa bat kudeatzea gizonen lana dela (ez emakumeena) uste duten mutilen ehunekoa (% 18,6) ia bost aldiz handiagoa da horrela pentsatzen duten nesken kopurua baino (% 3,9) .

Datuek erakusten dute oraindik ere badirela aurreiritziak. Adibidez, haurrak zaintzea nori dagokion galdetzean, % 17k erantzun du batez ere emakumeei dagokiela. Aitzitik, herritarren segurtasuna zaindu behar denean edo krimena jazarri behar denean, ia % 30ek uste du gizonen kontua dela.

Joera horiek beste jarrera batzuetan ere islatzen dira. Lidergoa eta mendean hartzea gizonen izaeraren ezaugarri bezala hartzen dituzte, eta kontrako ikuspegia agertzen dute, itxura ona ematen saiatu edo maitasuna modu irekian adierazteari dagokionez, azkeneko hori emakumeen jarrera dela uste baitute.