Irakurketa denbora: 6 Minutu
Imajina ezazu gizon batek nolakoa izan behar duen eta nola jokatu behar duen agintzen duen kutxa ikusezin bat. Barruan egoteak esan nahi du ahultasunik ez erakustea, bikotearen edo familiaren euskarri ekonomikoa izatea, “femeninoa” den hori saihestea, harremanetan nagusitzea… Kanpoan egoteak, berriz, eredu horiek guztiak baztertzen direla eta maskulinitatearen ikuspegi malguagoa eta berdintasunezkoagoa hartzen dela esan nahi du. Azkenik, tarteko posizioa duten horiek, hau da, agindu batzuk zalantzan jartzen dituztenak, baina guztiz hautsi gabe, kutxaren ertzean egongo lirateke.
Maskulinitatearen kutxa
“Maskulinitatearen kaxa” horrek, hainbat belaunaldiz, “benetako gizon bat izatea” zer den definitu du. Zorionez, badirudi, Euskadin kaxa hori husten hasi direla. Izan ere, biztanleria orokorraren % 4,5ek bakarrik kokatzen du bere burua kaxa horren barruan. Hau da, genero-rol tradizionalak zorrotz jarraitzen dituzten horiek ez dira % 5era iristen. Ostera, biztanleria orokorraren ia % 60k maskulinitate tradizionalaren aginduak baztertzen ditu. Horrek, nolabait, berdintasunarekin bat datorren ikuspegi malguago baterantz aurrera egiten ari garela erakutsiko luke.
Horiek dira Emakundek, FAD Gazteriarekin batera, egindako “Maskulinitatearen kutxa Euskal Autonomia Erkidegoan” azterlanaren ondorio nagusietako batzuk. Ikerketak euskal biztanleriak maskulinitatearen ideia nola eraikitzen duen eta horrek bere osasun mentalari, ongizateari eta harreman pertsonalei nola eragiten dien aztertzen du. Azterlanak ezberdintasun nabarmenak erakusten ditu inkestatutako pertsonaren sexuaren arabera. Kutxaren barruan dauden gizonen ehunekoak, modu marjinalean bada ere, emakumeena hirukoizten du (% 6,9 eta % 2,2, hurrenez hurren). Gainera, gizonen ia erdia (% 49,8) kutxaren ertzean dagoen bitartean, emakumeen % 24,2 bakarrik daude tarteko kokapen horretan.
Ikerketak maskulinitate-balioetan aldaketa sakona jasaten ari den euskal gizartearen mapa marrazten du. Gehienek agindu tradizionalak atzean utzi badituzte ere, oraindik erresistentzia-poltsa batzuk daude, batez ere gazteenen artean. Nerabe askok gizon izateak esan nahi duenari buruz jarrera tradizionalagoak hartzen ari direla dirudi.
Ikerketak euskal biztanleriak maskulinitatearen ideia nola eraikitzen duen eta horrek bere osasun mentalari, ongizateari eta harreman pertsonalei nola eragiten dien aztertzen du.
Era berean, azterlanaren emaitzek iradokitzen dute maskulinitate-eredu tradizionalekiko atxikimenduak, desberdintasunak betikotzeaz gain, gizonei beraiei ere kalte egiten diela, eta haien ongizate emozionalari, harreman pertsonalei eta indarkeriarekiko esposizioari eragiten diela.
Kutxa gero eta hutsagoa
Azterlanak “maskulinitatearen kutxa” izeneko adierazlea eraiki du, maskulinitate hegemoniko tradizionalari buruzko postulatu batzuk laburbiltzen dituzten 17 adierazletan oinarrituta.
Oro har, euskal biztanleriaren gehiengoa maskulinitate-eredu tradizionalen aurka dago. EAEko biztanleen % 80k baino gehiagok, adibidez, hauek bezalako ideiak baztertzen ditu:
- “Gizon batek beti izan beharko luke azken hitza bere bikote-harremanaren edo ezkontza-harremanaren inguruko erabakietan” (% 6,1 ados)
- “ez da gomendagarria gizon heterosexualek lagun homosexualak izatea” (% 7 ados)
- “Bere itxurari denbora asko eskaintzen dion gizona ez da oso maskulinoa” (% 7,2 ados)
- “Gizonek ekarri beharko lukete dirua etxera eta eurek mantendu beharko lukete familia, ez emakumeek” (% 8,3 ados)
Hala ere, genero-arrakala nabarmena da; postulatu horiekin ados dauden gizonen kopurua (% 16,2) emakumeena (% 7,4) baino bi aldiz handiagoa da. Horrek erakusten du, nolabait, gizonak direla oraindik balio horiek gehien babesten dituztenak.
Nerabeak tradizionalagoak dira
Espero zitekeenaren aurka, ikerketak joera kezkagarri bat erakusten du: nerabeena (15-19 urte) da maskulinitateari buruzko jarrera tradizionalekin gehien identifikatzen den adin-taldea.
Adin-tarte honetan, % 11,2k kutxaren barruan kokatzen du bere burua, beste adin-taldeetan ehunekoak askoz txikiagoak diren bitartean: % 2,9 20-24 urtekoen artean; % 7,1 25-29 urtekoen artean; % 6,3 30-39 urtekoen artean; % 6 40-49 urtekoen artean; % 1,6 50-59 urtekoen artean, eta % 1 baino gutxiago 60-65 urtekoen artean.
Aldea are nabarmenagoa da mutil nerabeen artean: 15 eta 19 urte bitarteko gizonen % 22,5ek kutxaren barruan kokatzen du bere burua, % 60k ertzean eta % 17,5ek bakarrik kanpoan.
Horrek erakusten du adin-talde horretako mutilen % 80k baino gehiagok, neurri handiagoan edo txikiagoan, maskulinitate-balio tradizionalekin kidetasuna mantentzen duela.
Datu hori oso desberdina da beren adin bereko nesken artean, horietako ia inor ez baitago kutxaren barruan, nahiz eta % 40,5ek “ertzeko” posizioak erakusten dituzten eta % 59,5 erabat kanpoan dauden. Belaunaldi-diferentzia hori ere sozializazioan ikusten da. Gazteek gehiago aitortzen dute beren ingurunetik eta haurtzarotik mezuak jaso izan dituztela “benetako gizon bat” eta “benetako emakume bat” zer den eta zer ez den horren inguruan. Horrek iradokitzen du, aurrerapen sozialak gorabehera, oraindik ere gazteenei genero-rolei buruzko ideia estereotipatuak transmititzen zaizkiela.
“Kutxaren barruan” egotearen prezioa
FAD Gazteria-k egindako ikerketak erakusten duen bezala, maskulinitateari buruzko ikuspegi tradizionalagoak mantentzen dituzten gizonek prezio altua ordaintzen dute horregatik. Azterlanak azpimarratzen duenez, “kutxaren barruan” dauden gizonak ez omen dira hain zoriontsuak: % 12,4k dio zoriontasun-maila baxuak dituela, “kutxatik kanpo” daudenen artean % 1,9 baino ez den bitartean.
Laguntza eskatzeko zailtasun gehiago ere badituzte. Kutxaren barruan dauden gizonen % 36,3k ez dio inori laguntza eskatzen arazo pertsonalak dituenean (beste gizonen % 11ren aldean). Gainera, askoz gutxiago sentitzen dira eroso beren gai pertsonal eta emozionalez hitz egitean.
Espero zitekeenaren aurka, ikerketak joera kezkagarri bat erakusten du: nerabeena (15-19 urte) da maskulinitateari buruzko jarrera tradizionalekin gehien identifikatzen den adin-taldea.
Presio soziala beste faktore erabakigarri bat da. Kutxaren barruan dauden gizonek presio handiagoa sentitzen dute sexualitatearekin eta erakargarritasunarekin lotutako esparruetan: % 42k presio handia sentitzen du ligatzean aurrea hartzeko eta % 39,3k sexua praktikatzen ona izateko.
Bitxia bada ere, kutxaren barruan dauden gizonek beren burua askoz erakargarriagotzat jotzen dute, baina aldi berean isolatuago sentitzen dira. Kutxaren barruan daudenen % 73,3k erakargarritasun-maila altua dutela uste dute, kanpoan daudenen % 36,9aren aldean.
Norbere buruaren pertzepzio positibo hori isolamendu emozional handiagoarekin batera bizi da. Haiek dira gutxien jotzen dutenak bikotekidearengana laguntza eske (%25,1, kutxatik kanpo daudenen % 50,9rekin alderatuta).
Indarkeria
Azterlanak hausnarketarako beste ondorio bat ere utzi du: maskulinitateari buruzko ikuspegi tradizionalagoak mantentzen dituzten gizonek indarkeria jasateko arrisku handiagoa eta indarkeria erabiltzeko joera handiagoa dute. Kutxaren barruan dauden gizonek maizago jasaten dituzte irainak, isekak, online jazarpena eta indarkeria fisikoa. Baina, aldi berean, gizon horiek dira indarkeria gehien erabiltzen dutenak ere. Ahozko indarkeriari, online indarkeriari eta indarkeria fisikoari dagokienez, kutxaren barrutik indarkeria praktikak burutu dituztenen ehunekoak %45,2, % 40 eta % 43,6 dira hurrenez hurren, kutxatik kanpo daudenen artean ehuneko horiek % 29,1, % 9,2 eta % 7,2ra murrizten diren bitartean.
Feminismoa eta genero-indarkeria
Ikerketak feminismoaren inguruko jarrerak ere aztertu ditu. Oro har, adostasun zabala dago feminismoak gizonei zein emakumeei eragin behar diela dioen ideiarekin (% 70).
Baina kasu honetan ere genero-arrakala azaltzen da. Gizonen % 29,5ek soilik aitortzen du feminista sentitzen dela, emakumeen % 48,3ren aurrean. Adin-taldeei dagokionez, 15-29 urte bitarteko gazteak dira feminismoarekiko atxikimendu handiena adierazten dutenak (% 46,1). Atxikimendu-maila hori % 40,5era jaisten da 50-65 urte bitartekoen kasuan eta % 33,9raino 30-49 urte bitartekoen kasuan.
Feminismoa hain begi onez ikusten ez duten gizonen kopurua ere aintzat hartzekoa da. Adibidez, gizon gazteen erdiak (% 51,9k) dio “feminismoa urrutiegi joan dela eta gizonak diskriminatzen direla orain”. Emakumeen kasuan kopuru hori % 27,7ra jaisten da. Ildo berean, gizon gazteen heren batek (% 34,7) dio “feminismoa ez dela beharrezkoa, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna dagoelako”. Baieztapen horrekin bat egiten duten emakume gazteen kopurua nabarmen baxuagoa da. Maskulinitatearen kutxaren barruan dauden mutil gazteen % 48,7k baieztatzen du feminismoa ez dela beharrezkoa jadanik berdintasuna existitzen delako, kanpoan daudenen % 19,3ren aurrean.
Genero-indarkeriaren gaitzespena nagusi da EAEko biztanleen artean: % 80,3k dio gizarte-arazo oso larria dela. Baina, kasu honetan ere, aldeak nabarmenak dira sexuaren eta maskulinotasun tradizionalarekiko posizioaren arabera.
Kutxaren barruan dauden 10 pertsonatik 2k baieztatzen dute genero-indarkeria arazo sozial oso larria dela, beste posizioetan adostasuna % 60tik gorakoa den bitartean. Gainera, kutxaren barruan daudenen % 57,4k uste du “genero-indarkeria asmakizun ideologikoa dela”, baina kanpoan daudenen artean % 8,2k bakarrik babesten dute ideia hori. Inkestatuen % 40 inguruk, kutxarekiko duten posizioa edozein dela ere, uste du “emakumeek gizonei egindako indarkeria gizonek emakumeei egindakoa bezalakoa dela”.













