Gizarteak sakoneko aldaketak behar ditu

Euskal gazteen % 64,5ek uste du gizarteak aldaketa handiak behar dituela, batez ere ingurumenaren zaintza, herritarren parte-hartzea eta euskararen sustapena bezalako gaietan

 Irakurketa denbora: 4 Minutu

Euskadiko gazteek ideiak argi dituzte: aldaketa handiak nahi dituzte gizartean. Hori da, hain zuzen ere, Gazteen Euskal Behatokiak berriki ezagutzera eman duen “Euskadiko gazteek dituzten iritziak eta jarrerak gizarte-aldaketei eta parte-hartzeari buruz” azterlanaren ondorio nagusia. Txostenaren emaitzak 15 eta 29 urte bitarteko 2.000 gazteri baino gehiagori egindako inkesta batean oinarritzen dira. 

Txostenak agerian uzten duenez, gazteek ezkerrera orientatutako posizionamendu bat dute eta gizartean eraldaketak eskatzeaz gain, gai publikoetan aktiboki inplikatzeko gero eta prestasun handiagoa erakusten dute. 

aldaketak

Ondorioetan ikus daitekeenez, euskal gazteriak gizarte-kezka argiak ditu eta, esan bezala, aldaketa sakonak eskatzen ditu, batez ere jarrera aurrerakoietara bideratutako aldaketak. Gai publikoetan parte hartzeko duten gero eta joera handiagoak, bereziki emakumeen artean, kontrastatu egiten du parte hartzeko modu ez oso zorrotzen aldeko lehentasunarekin. 

Klima-aldaketa, herritarren parte-hartzea, genero berdintasuna eta euskararen sustapena dira beren kezken muina, eta horiek mobilizazio- eta hauteskunde-jarduera esanguratsu batean islatzen dira.

Aldaketa nahi handiagoa

Euskal gazteen ia bi herenek (% 64,5) uste dute gizarteak erreforma sakonak behar dituela. Kopuru horrek  gora egin du etengabe 2012. urteaz geroztik. Gizartea dagoen bezala ondo dagoela uste dutenen kopurua, berriz, % 1,6 baino ez da. Aldaketak  behar direla, baina horiek txikiak izan behar dutela uste duten horiek % 20,4 dira eta aldaketek erabatekoak izan behar dutela uste dutenak % 12,3 dira.



Gizartean egin beharreko aldaketen inguruko eztabaida horretan genero-arrakala esanguratsua azaltzen da. Izan ere, gizartean aldaketa sakonak behar direla dioten emakume gazteen kopurua nabarmen altuagoa da (% 71,0) gizon gazteen kopuruarekin (% 58,5) alderatuta.

Ildo berean, aldaketa eskaeren erradikaltasuna adinean gora egin ahala areagotzen da, eta gailurra 25-29 urte bitarteko gazteen artean lortzen du, non gazteen % 15,9k uste duen gizartean erabateko aldaketa bat beharrezkoa dela.

Aldaketa horiek hartu beharko luketen norabideak argia dirudi gazteen gehiengoarentzat. Horrela, euskal gazteen % 58,8k uste du gizarte-eraldaketak ezkerrera bideratu behar direla, eta % 12,8k eskuineranzko aldaketa bat defendatzen du. Ehuneko garrantzitsu batek (% 28,4) ez daki edo nahiago du gai horren aurrean jarrerarik ez hartzea.

Gizon gazteek jarrera kontserbadoreagoekiko joera handiagoa dute, % 16,8k eskuinerantz bideratutako aldaketak defendatzen baititu, emakumeen artean baino ia bikoitza (% 8,8).



Izaera aurrerakoiagoa duten eraldaketen aldeko lehentasuna adinean gora egin ahala nabarmentzen da. Horrek, nolabait, adierazten du gazteek heldutasunarekin espektro ideologikoan finkatzeko joera handiagoa izan ohi dutela.

Klima-aldaketa, herritarren parte-hartzea eta euskara

Euskal gazteriak gizarte-aldaketei dagokienez dituen lehentasunek beren belaunaldiaren kezka globalak islatzen dituzte. Klima-aldaketa premiazko zerrenden buru da, gazteen % 88,0k hori geldiarazteko neurri gogorragoak babesten baititu. Oso gertutik jarraitzen dio, % 81,5eko babesarekin, herritarren parte-hartze eraginkorragoa lortzeko mekanismoen eskaerak.

Euskararen presentzia gizartearen eremu guztietan (% 74,7) eta emakumeen aldeko diskriminazio positiboko ekintzek (% 72,6) ere babes zabala dute gazteen artean. Atal honetan, genero-desberdintasunak berriro ere nabarmenak dira. Emakumeek konpromiso handiagoa erakusten dute klima-aldaketaren aurkako borrokan, diskriminazio positiboko politiketan eta gizarte-laguntzetan. Bestalde, gizonek neurri handiagoan babesten dituzte autogobernua eta jarrera murriztaileagoak immigrazioari dagokionez.

Parte hartzeko gogoa 

Euskal gazteria ez da aldaketak eskatzera mugatzen. % 53,9k dio gai publikoetan aktiboki parte hartu nahiko lukeela, eta % 18,1ek uste du gaur egungo parte-hartze maila nahikoa dela.

aldaketak

Gai honi dagokionez, azken mende laurdenean aldaketa nabarmena gertatu da euskal gazteen artean. Izan ere, parte hartu nahi ez duten gazteen ehunekoa izugarri jaitsi da 2000. urteaz geroztik. Garai horretan, gazteen erdiak baino gehiagok (% 52,3) ez zuten parte hartzeko asmorik azaltzen eta orain, berriz, % 18,5ek baino ez. Joera horrek gero eta kontzienteagoa den gazteria bat irudikatzen du, gizarte-aldaketarako eragile gisa duen egitekoari dagokionez. Parte-hartzearen gaian, adibidez, ez da genero-arrakala esanguratsurik azaltzen eta inplikazio gehiago eskatzen dutenen kopuruak oso antzekoak dira: % 54,4 gizon gazteen kasuan eta % 53,3 emakume gazteen kasuan. Hori bai, parte hartzeko asmo falta nabariagoa da gizonen artean (% 21,1) emakumeen artean baino (% 15,6).

Konpromisoa eskakizunik gabe

Parte-hartzeko bultzada hori zehazteko orduan, euskal gazteria konpromiso iraunkor gutxiago eskatzen duten formulen alde agertzen da. Gazteen % 72,8 prest dago iritzi-inkestak maiztasunez betetzeko, eta % 61,5ek udal ekimenetan bozkatuko luke.

Hala ere, ardura handiagoa eskatzen duten parte-hartze moduek jarraitzaile gutxiago dituzte: % 37,6k aktiboki parte hartuko luke elkarteetan eta % 26,2k soilik joango litzateke eztabaida-foro eta bileretara. Alderdi politikoetako afiliazioa azken postuan geratzen da, gazteen % 12,0 bakarrik baitago urrats hori emateko prest.



Txostenean jasotzen denez, emakumeek inkestetan parte hartzeko joera handiagoa dute eta gizonez, aldiz, udal ekimenetan bozkatzeko eta alderdi politikoetan afiliatzeko joera handiagoa dute.

Mobilizazio maila

Asmoetatik ekintzetara. Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen % 63,4 ekintzetara pasatu da eta mobilizazioren batean parte hartu du azken urtean. Feminismoaren aldeko mobilizazioak izan dira kalean babes gehien jaso dutenak (% 49,1), emakumeen parte-hartze oso altuarekin, bi herenera gerturatuz (% 65,9).

Mobilizazio politikoek, berriz, % 42,1eko babesa jaso dute, eta ekologistak, klima-aldaketarekiko adierazitako kezka gorabehera, % 20,3ko parte-hartzera mugatzen dira. Mobilizazio mota guztietan, emakume gazteek gizon gazteek baino inplikazio maila handiagoa erakusten dute, bereziki feminismoaren aldeko manifestazioetan arrakala nabarmena delarik. Politikarekiko interesak parte-hartzearen katalizatzaile gisa jarduten du: zenbat eta interes handiagoa, orduan eta inplikazio handiagoa mobilizazioetan.

Euskal gazteriaren konpromisoa demokrazia ordezkatzailearekin argi geratzen da hauteskundeetako parte-hartzearen zifrei dagokienez. 18 eta 29 urte bitarteko gazteen % 80,7k hautestontzietara jo du behin azken hiru urteetan.

Emakumeak berriro ere parte-hartzearen buru dira, % 83,8rekin, gizonen % 77,6ren aurrean. Adina eta politikarekiko interesa faktore positiboak dira hauteskundeetako parte-hartzean, eta horrek politikoki konprometituagoa den gazte bozkatzailearen profila osatzen du.