Arrakala digitala ere bada

Emakumeek Interneten oinarrizko erabilera menderatzen badute ere, teknologiaren sorkuntzatik eta garapenetik urrun jarraitzen dute

 Irakurketa denbora: 5 Minutu

Gizonek eta emakumeek ez dute aukera berdinekin nabigatzen berrikuntza teknologikoaren aroan. Izan ere, gure gizartean irauten duten genero-desberdintasunak ingurune digitalean ere errepikatzen dira.

Azken urteetan Interneten erabileran edo oinarrizko gaitasun digitaletan den genero-arrakala murriztu bada ere, oraindik ere desberdintasun handiak daude aditu digitalen kopuruan, ekintzailetzan, Adimen Artifizialaren erabileran edo teknologia digitalekiko konfiantzan. Hau da, emakumeek Internet gizonek adina edo gehiago erabiltzen dute, baina teknologia hori sortzen eta garatzen duten sektoreetatik urrun jarraitzen dute.

Horrela erakusten dute hainbat azterlanek, hala nola Observatorio Nacional de Tecnología y Sociedad-ek (ONTSI) argitaratutako ‘Genero-arrakala digitala 2025 edizioa – 2024ko datuak’ txostenak, edo Europako Batzordeak emakumeek enplegu, karrera eta ekintzailetza digitaletan duten inklusioa ebaluatzen duen ‘Women in Digital Scoreboard 2024’ txostenak.

Oso konektatuak

Internetera sartzea ez da inolako oztopo Estatuko emakumeentzat. Izan ere, Espainia da, Herbehereak, Irlanda, Danimarka, Suedia eta Luxenburgorekin batera, emakumeek Internet gehien erabiltzen duten Europako herrialdeetako bat. Estatuko emakumeen % 95,3k Internet erabiltzen du, gutxienez, astean behin. Kopuru hori gizonen erabilerarena baino arinki altuagoa da (% 94,6). Baina erabilera hori ez da guztiz homogeneoa eta, adibidez, nabarmen jaisten da adinean gora egin ahala. Horrela, 75 urte edo gehiagoko emakumeen kasuan, erabilera % 46,7raino jaisten da; adin tarte bereko gizonen erabilera baino 8,8 puntu gutxiago.



Aldiz, 10 eta 15 urte bitarteko neskek mutilek baino pixka bat gehiago erabiltzen dituzte teknologiak. Ordenagailuaren kasuan erabilera orekatuta dagoen arren (% 95,8 kasu bietan), neska gazteek (% 96,5) mutil gazteek (% 95,5) baino gehiago erabiltzen dute Internet eta telefono mugikorren jabetza ere altuagoa da nesken artean (% 70,9) mutilen (% 68,4) artean baino.

Sarean nabigatzeko moduak ere erabilera-profil desberdinak marrazten ditu. Emakumeek komunikazioaren aldeko apustua egiten dute: berehalako mezularitza (% 94,1), telebista eta bideoak online ikusi (% 84,9) eta posta elektronikoa (% 83). Bereziki nabarmentzen dira osasunari buruzko informazio-bilaketan eta online mediku-hitzorduak egiten.

Gizonek, berriz, jokoen, podcasten, banku elektronikoaren  eta albisteak, egunkariak eta aldizkariak irakurtzearen  alde egiten dute.

Emakumeek administrazio elektronikoa ere gehiago erabiltzen dute: emakumeen % 80,6k erabiltzen du, gizonen % 78,7ren aldean. Emakumeak bereziki nabarmentzen dira administrazioekin hitzorduak hitzartzerakoan (% 61,9).

Hezkuntza, Akilesen orpoa

STEM diziplinetako (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) hezkuntzak genero-arrakala digitalaren eremurik sakonena irudikatzen du. Estatuan STEM prestakuntza duten landunen % 17,5 baino ez dira emakumeak. Zifra horrek, pixkanaka hobera egin arren, txikia izaten jarraitzen du.

Unibertsitateko ikasgelek ere mapa oso desorekatu bat marrazten dute. Emakumeak, % 14,8rekin, gutxiengoa dira informatikan eta presentzia mugatua dute ingeniaritzan ere (% 28,7).

Lanbide-heziketan desoreka hori are handiagoa da: emakumeak rara avis bat dira Mikroinformatika Sistemak eta Sareak (% 7,6) edo Plataforma Anitzeko Aplikazioen Garapena (% 11,2) titulazioetan, besteak beste.

Desoreka horrek hezkuntza-etapa goiztiarragoetan ditu sustraiak. Batxilergoan, gazteak nagusi dira arteetan (% 76,9) eta giza eta gizarte-zientzietan (% 56,9), baina horien presentzia murriztu egiten da modalitate zientifiko eta zientifiko-teknologikoan (% 48,1).

Emaitza akademikoek ere desberdintasunak islatzen dituzte. PISA probak erakusten du mutilek puntuazio hobeak lortzen dituztela matematiketan (10,1 puntu gehiago) eta zientzietan (5 puntu gehiago); neskak irakurketan nabarmen gailentzen diren bitartean (25 puntu gehiago).



Gaitasun digital orokorrei dagokienez, arrakala minimoa da: emakumeen % 65,9k oinarrizko trebetasun digitalak edo aurreratuak ditu, gizonen % 66,5aren aldean. Emakumeak nabarmentzen dira segurtasunean (+1,6 puntu) eta komunikazioan eta lankidetzan (+1,4 puntu), gizonen abantaila eduki digitalaren sorkuntzan (+2 puntu) eta arazoen ebazpenean (+1,5 puntu) dagoen bitartean.

Estatuko emakumeak Europako batez bestekoaren gainetik daude gaitasun digitaletan. Europar emakumeen % 54,3k oinarrizko trebetasun digitalak edo aurreratuak ditu, espainiar emakumeek baino 11,6 puntu gutxiago.

Kristalezko sabai digitala

Enplegu teknologikoak gizonezkoen lurraldea izaten jarraitzen du. Emakumeek espainiar aditu digitalen % 19,5 bakarrik ordezkatzen dute, nahiz eta, azken urtean, kopuru hori 1,4 puntutan hazi den.

Ekintzailetza eremuan, emakumeak ere gutxiengoa dira. Maila teknologiko ertain-altuko emakumeen enpresa-ekimenak ez dira hain ohikoak (% 8) gizonen ekimenekin alderatuta (% 12). Gainera, emakume ekintzaileek autonomo gisa lan egiteko joera handiagoa dute (% 53 eta % 43, hurrenez hurren) eta haien enpresak, normalean, txikiagoak izaten dira.



Telelanak, kontziliaziorako aukera izan arren, emakumeen nagusitasun txiki bat erakusten du: lanean dauden emakumeen % 14,4k telelana egiten du, gizonen % 14aren aldean. Europar Batasunean, telelana zabalduta dago, bai gizonetan (% 21,5), bai emakumeetan (% 23,1).

Online gorroto-diskurtsoak

Ingurune digitaleko segurtasuna kezka handiagoa da emakumeentzat. 2024an, gizonen zein emakumeen artean Internetekiko konfiantza handitu den arren, emakumeek mesfidantza gehiago erakusten jarraitzen dute: emakumeen % 28,9k gutxi edo batere konfiantzarik ez du sarean, gizonen % 26,7aren aldean.

Mesfidantza horrek bere arrazoiak ditu. Emakumeak online sexu-delituen biktimen gehiengoa dira (% 66,4) eta sare sozialetan beraien aurkako gorroto-diskurtsoen presentzia handiagoa hautematen dute (% 58,4 eta % 51,1, hurrenez hurren).

Zaurgarritasun horri zibersegurtasun-arazoei aurre egiteko prestakuntza txikiagoa duten pertzepzioa gehitzen zaio, gurpil zoro bat sortuz: segurtasun-gabezia handiagoak eremu digital jakin batzuetan parte-hartze txikiagoa dakar.



Zuhurrak AArekin

Azken urteetan Adimen Artifizialaren (AA) garapenak eta mota horretako tresna desberdinek aukera ugari ireki dituzte. Datuek erakusten dute emakumeek gutxiago erabiltzen dutela AA, eta zuhurragoak direla teknologia-multzo horren erabilerak izan ditzakeen inplikazioen aurrean. Observatorio Nacional de Tecnología y Sociedad-ek (Ontsi) argitaratu duen ‘Gizarte digitala’ txostenak, 16 eta 74 urte arteko espainiar biztanleriari 2023an egindako inkesta bat barne hartzen du eta, horren arabera, biztanleriaren % 42,1ek erabili zuen AA. Gizonen erabilera nabarmentzen da (% 45,9) emakumeen erabileraren aldean (% 38,6), 7,3 puntuko aldearekin.

Orokorrean, gizonek gehiago erabiltzen dute AA. Horrela, bi sexuetan aplikaziorik ohikoena testu-idazketa da, % 24,1 biztanleria osoan, % 26,2 gizonetan eta % 22 emakumeetan.

Bigarren aplikazio erabiliena (% 21) itzulpengintzarena da, eta kasu honetan gizonen % 22,7k eta emakumeen % 19,5ek erabiltzen dute. Irudien sorkuntza eta edizioa gizonen % 15,4k erabili du emakumeen % 10,8aren aldean; eta txata gizonen % 12,2k eta emakumeen % 10,9k. Azkenik, gizonen % 6,4k AAa erabili du kantuak sortzeko, emakumeen % 4aren gainetik.

Emakumeak ezkorragoak dira AAri dagokionez. Nahiz eta, bai gizonek, bai emakumeek teknologia horiek nagusiki etorkizunarekin lotzen dituzten (gizonen % 41,2 eta emakumeen % 39,7), emakumeek askoz gehiago identifikatzen dute teknologia hori kontzeptu negatiboekin: langabezia (emakumeen % 27,8 gizonen % 19aren aldean), mehatxua (% 26,3 eta % 22,7) eta beldurra (% 16,2 eta % 12,5).

Aldiz, gizonek gehien aipatutako kontzeptu erlatiboki positiboak dira: eraginkortasuna (gizonen % 21,2 eta emakumeen % 16), fidagarriak (% 5,1 eta % 3,1) eta itxaropentsuak (% 9,5 eta % 6,4). Emakumeak ere kezkatuago daude AAk pertsonen pribatutasunerako edo segurtasunerako arazo bat izateagatik.