Esti Markezek irekiko du ‘Lagunekin Kantari’ zikloa

Programak bere 23. edizioa ospatuko du maiatzean Intxaurrondoko eta Larrotxeneko kultur etxeetan izango diren kontzertuekin

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Maiatzean euskarazko musikak protagonismoa hartuko du Donostian Lagunekin Kantari zikloaren itzulerarekin. Esti Markez abeslari gaztea izango da edizio berri honen protagonista maiatzaren 12an Intxaurrondoko Kultur Etxean, bere bigarren lan diskografikoa “Atenporal” aurkeztuz.

2002an euskarazko kantuen ikastaro baten ondorioz sortua, Intxaurrondo Zaharrako Auzo Elkarteak (IZBE) eta Donostia Kulturak bultzatutako ekimen honek 23 urte betetzen ditu aurten euskal musika eta kultura sustatzen. Aurtengo ediziorako lau hitzordu programatu dira, artista profesionalak eta auzokideen parte-hartzea konbinatuz.



Markez-ek bederatzi kantaz osatutako albuma aurkeztuko du, “amaierak eta hasierak, egunsentiak eta iluntzeak” aztertzen dituztenak klasikoa eta modernoa lotzen dituzten melodien bidez. Artistak estilo berriekin esperimentatu du bere esentzia galdu gabe denboraren erlatibitateari buruzko lan honetan.

Patxi Saiz

Bigarren hitzordua maiatzaren 19an izango da Larrotxeneko Kultur Etxean. Bertan, Patxi Saizek bere “Kantatzen duen herria gara” diskoa aurkeztuko du. Getariako musikariak gai unibertsalei buruzko ibilbidea proposatzen du, hala nola bizitza eta heriotza, maitasuna eta gorrotoa… eta, aldi berean, euskal kantuak historian eta memoria kolektiboaren transmisioan duen papera bezalako gaiak ere jorratuko ditu.

Etxekoekin kantari

Zikloak maiatzaren 26an jarraituko du Intxaurrondon “Etxekoekin kantari” ekitaldiarekin. Donostiako kanta taldeetako lagunak izango dira protagonista saio honetan, aulkitik oholtzara pasata. Etxekoak etxekoentzat kantari izango dira.

Lagunekin Kantari

Lagunekin Kantari-k bere programazioa maiatzaren 30ean itxiko du “Kantujira”  izeneko emanaldiarekin. 19:00etatik aurrera, Larrotxene Plazatik abiatuko den jarduera honek, auzoa zeharkatuko du kantu eginez.  Ekimen honek proiektuaren jatorrizko espiritua irudikatzen du: galtzen ari zen taldean kantatzeko ohitura berreskuratzea eta auzoko giro euskalduna indartzea.