Irakurketa denbora: 2 Minutu
Espainiako Osasun Ministerioak ezagutzera eman dituen azken HBSC (Health Behaviour in School-aged Children) ikerlanaren arabera, Estatuko 15-18 urte bitarteko hiru gaztetik batek (% 34,8) sexu-harreman osoak izan ditu. 15-16 urte bitarteko nerabeen kasuan, harreman osoak izan dituztenen kopurua % 20,7 da; 17-18 urte bitartekoen artean, berriz, % 48,5. Hala ere, txostenak ohartarazten duenez, sexu-harremanak izan dituzten horien artean % 65ek bakarrik erabiltzen du preserbatiboa.
Preserbatiboaren erabilera urriagoa da neska gazteen artean mutil gazteen artean baino. Izan ere, mutil gazteen % 70,6k bere sexu-harremanetan preserbatiboa erabili ohi duela adierazten duen bitartean, nesken artean ehuneko hori ia hamar puntu baxuagoa da (% 60,8). Ildo berean, haurdunaldien zein sexu-transmisiozko gaixotasunen aurka babes eraginkorrik eskaintzen ez duen eta ‘Txapapera botatzea’ (coitus interruptus) izenarekin ezagutzen den praktika ohikoagoa omen da nesken artean (% 16,9) mutilen artean baino (% 12,8).
Metodo antikontzeptiboak behar bezala ez erabiltzeak ondorioak ditu. Izan ere, sexu-harremanak dituzten 15 eta 18 urte bitarteko nesken % 32,3k ‘biharamuneko pilula’ erabili behar izan du inoiz. Larrialdiko metodo horretara jo dutenen gehiengoak behin bakarrik erabili du. Hala ere, sexualki aktiboak diren 15 eta 18 urte bitarteko nesken % 2,9k onartzen du inoiz haurdun geratu izan dela.
Sexu-harremanak dituzten 15 eta 18 urte bitarteko nesken % 32,3k larrialdiko pilula erabili behar izan du inoiz
Txostenak agerian uzten duenez, baliabide ekonomiko urriagoak dituzten familietan hazitako gazteek sexu-harreman gehiago izateko joera azaltzen dute. Horrela, maila sozioekonomiko baxuko gazteen % 41,1ek adierazi du sexu-harreman osoak izan dituela 18 urte bete aurretik. Portzentaje hori maila sozioekonomiko ertain eta altuko gazteena baino nabarmen altuagoa da (% 33,7 eta % 32,2, hurrenez hurren).
Osasunaren Munduko Erakundearen babesa duen azterlan honek Estatuko nerabeen osasunaren eta bizimoduen ikuspegi zabala eskaintzen du, Estatu osoko 11 eta 18 urte bitarteko 33.630 gazteren erantzunetan oinarritzen baita. Nafarroan, adibidez, 1.953 inkesta egin dira eta Euskadin, berriz, 1.112.








