Irakurketa denbora: Minutu 1
‘Begi berriz kontatzeko’ lelopean, abian da CAF-Elhuyar sarien aurtengo edizioa. Sari hauen xede nagusia da euskarazko zientzia eta teknologia arloko dibulgazio lanak sustatzea eta saritzea, gai horiek gizartera hurbiltzeko.
Aurtengo edizioan nobedade garrantzitsu bat izango da. Izan ere, orain arte izan diren dibulgazio-artikuluak eta zientzia-kazetaritza kategoriei argazkilaritza-lanak kategoria gehituko zaie. Azken kategoria horretan, zientziarekin edota teknologiarekin lotura duten argazkiak aurkeztu ahal dira.
Horiez gain, lehen sektorearekin lotura duen lan onena aintzatesten duen NEIKER saria ere banatuko da.
Hautagaitzak aurkezteko epea datorren uztailaren 1ean amaituko da.
CAF-Elhuyar sarien kategoriak
- Dibulgazio-artikuluak. Zientzia eta teknologiaren arloan euskaraz sortutako dibulgazio-lanak. Irabazleak 2.000 euroko ordainsaria, oroigarri bat eta Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza irabaziko ditu.
- Zientzia-kazetaritza. Idatzizko zein audio kazetaritza-lanak. Irabazleak 1.000 euroko ordainsaria, oroigarri bat eta Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza irabaziko ditu.
- Argazkilaritza-lanak. Zientziarekin edota teknologiarekin lotura duten argazkiak. Kategoria hau bi azpikategoriatan banatuta egongo da: ‘helduak’ 18 urtetik gorakoentzat eta ‘gazteak’ 14-18 urte bitarteko gazteentzat. Irabazleak zientzia edota teknologiarekin zerikusia duen esperientzia bat gozatzeko aukera (1.000 euro inguruko balioa) eta Elhuyar aldizkariaren urtebeteko harpidetza.
NEIKER sariaren irabazleak, berriz, 2.000 euro, oroigarri bat eta Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza jasoko ditu.








