Gora egin du euskal gazteriak Europar Batasunarekiko duen interesak

Europako Egunaren harira Gazteen Euskal Behatokiak ezagutzera eman dituen datuen arabera, gazteen ia % 60k interesa du europar gaietan

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Maiatzaren 9an ospatzen den Europako Egunaren harira Gazteen Euskal Behatokiak ezagutzera eman duen inkesta batek agerian uzten duenez, 15 eta 29 urte bitarteko euskal gazteen % 59k interesa adierazten du Europar Batasunarekin harremana duten gaietan. Interes hori hazi egin da 2022. urtean bildutako datuekin alderatuta. Izan ere, urte horretan europar gaietan “nahiko interesatuta” zeuden gazteen ehunekoa % 37,1ekoa izan zen eta azkeneko inkestaren arabera, berriz, % 44raino igo da.

Azken datu horiek iazko urriaren 10etik 23ra bitartean egindako online inkesta batean jasotakoak dira eta, horien arabera, EAEko gazteen % 15 “oso interesatuta” dago.

Konfiantza europar erakundeetan

Europaren inguruko interesa ez ezik, europar erakundeetan duten konfiantza-maila ere igo egin da euskal gazteen artean. Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako 85. Euskal Soziometroaren datuen arabera, 2025ean 18 eta 29 urte bitarteko gazteen % 54k konfiantza azaldu du Europar Batasunarengan. Konfiantza maila hori, gainera, beste adin-talde batzuetan erregistratutakoa baino handiagoa da.



Euskal gazteek Europar Batasunarekiko duten harremanak aldaketa nabarmenak izan ditu azken hamarkadan. Datu historikoek hiru etapa bereizten dituzte:

  • 2010-2018 bitartean: gazteen % 50 baino gutxiagok adierazten zuen konfiantza EBn.
  • 2019-2022 aldia: konfiantzak % 60ko maila gainditu zuen, bere gailurrera iritsiz.
  • 2023-2025: beherakada nabari da, nahiz eta konfiantza % 50etik gora mantentzen den