Irakurketa denbora: Minutu 1
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) irailean izango den Gazteriaren V. Foro Transpirenaikoan Euskal Autonomia Erkidegoa ordezkatuko duten hamar gazte aukeratzeko prozesua jarri du martxan. Topaketa hori Canillo (Andorra) eta La Seu d’Urgell (Katalunia) udalerrietan izango da.
Ekimen horrek Pirinioekin muga egiten duten zazpi eskualdetako 18 eta 30 urte bitarteko gazteak bilduko ditu: Euskadi, Nafarroa, Aragoi, Katalunia, Okzitania, Akitania berria eta Andorra.
Gazteriaren V. Foro Transpirenaikoa
Lau egunez, parte-hartzaileek hiru ardatz tematiko nagusi jorratuko dituzte topaketa honen bosgarren edizioan: enplegagarritasuna, gazte mugikortasuna eta etorkizuneko ibilbide profesionalak Pirinioetako eskualdean. Helburua lurralde-errealitate ezberdinak aztertzea eta behar komunak identifikatzea da.
Pirinioetako Lan Komunitateak (PLK) koordinatzen du foroa. Parte-hartzaileek egungo erronkei buruz eztabaidatzeaz gain, konponbideak eta ekintza zehatzak ere proposatu ahal izango dituzte.
Foroak aukera ematen du Pirinioetako beste lurralde batzuetako gazteekin konektatzeko, partekatutako errealitateak eztabaidatzeko eta eskualdean etorkizun hobe bat eraikitzeko ideiak proposatzeko.
Izen-emate prozesua
Foroan parte hartzeko interesa duten gazteek honako baldintza hauek bete beharko dituzte izena emana ahal izateko:
- 18 eta 30 urte bitartean izatea
- Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean bizitzea
Izena online inprimaki honen bidez eman ahal izango da irailaren 5era arte. Hamar eskaera baino gehiago jasoz gero, antolakuntzak hautaketa-prozesu bat jarriko du martxan.
Parte-hartzearen gastu guztiak, bidaia, ostatua eta mantenua barne, antolakuntzak ordainduko ditu.
Deialdi honi buruzko informazio gehigarria lortzeko, interesdunek EGKren parte-hartze arloarekin harremanetan jar daitezke partehartze@egk.eus helbide elektronikoaren bidez edo 944 43 61 43 eta 688 67 60 99 (Aitor) telefono zenbakietan.








