Irakurketa denbora: 2 Minutu
Nafarroako Gazteriaren Institutuak abian jarri du uda honetarako programazioa. Guztira, uztaila eta abuztua bitartean, 1.600 plaza baino gehiago eskainiko dira abentura, kirola, boluntariotza eta baloreetan oinarritutako hezkuntza uztartzen dituzten jardueretan. Udarako programazioak 280.000 euroko aurrekontua du eta nobedade nagusi gisa, plazen trukaketa indartuko dira beste zenbait autonomia erkidegoekin. NGIk antolatzen dituen jarduerei beste erakunde baimendu batzuek antolatutako kanpaldietan izango diren beste 2.179 plaza gehitu behar dira.
Abentura ardatz izango duten udalekuak Malerreka, Bertizarana eta Baztan bezalako ingurune naturaletan egingo dira. Horietan, parte-hartzaileek honako jarduera hauetaz gozatu ahal izango dute: arroila-jaitsierak, herri-kirolak, tirolinak, piraguismoa… naturgune pribilegiatu horiek arakatzen dituzten bitartean.
Hamabi txanda abuztura bitartean
Udalekuen eskaintza hamabi txandetan banatuko da. Guztira, 14 eta 17 urte bitarteko gazteentzako 241 plaza izango dira. Udalekuak Doneztebe, Lekaroz, Irunberri eta Erribera (Nafarroa), Loredo eta Alto Campoo (Kantabria), Rascafría (Madril), eta Orio eta Zarautz (Gipuzkoa) izango dira. Jardueren programa zabala eta anitza da: tirolina, piraguismoa, arroilen jaitsiera, raftinga, surfa, arborismoa eta Nafarroako Erriberan zehar bizikleta-ibilbideak, besteak beste. Guztiek Iruñetik bidaia, ostatua, mantenu osoa eta jarduerak biltzen dituzte.
150 plaza auzolandegietan
Auzolandegiei dagokienez, 150 plaza eskainiko dira Nafarroan antolatuko diren auzolandegietan parte hartzeko. Horietan, izena ematen duten gazteek ingurumenaren kontserbazioarekin, agroekologiarekin, arkeologiarekin eta ondarearen zaharberritzearekin zerikusia duten ekintza komunitarioko proiektuetan parte hartu ahal izango dute. Ohiko jardueren artean daude Mañeruko Bargota monasterioaren indusketa arkeologikoa, Bertiz jaurerriko eta Urbasa parke naturaleko lanak eta Beran eta Baztanen frankismoaren bunkerrak berreskuratzea.
Gainera, Nafarroako 49 gaztek beste autonomia erkidego batzuetan antolatzen diren auzolandegietan parte hartzeko aukera izango dute. Beste 18 gaztek, berriz, Alemania, Belgika, Estonia, Frantzia, Islandia, Italia, Kenya eta Letonian antolatutako auzolandegietan parte hartzeko aukera izango dute.
Gaitasunen egiaztapen berria
Nobedade gisa, aurtengo auzolandegietan parte hartzen duten gazteek egonaldian eskuratutako gaitasunak egiaztatzeko aukera izango dute. Ekimen hori Red Reconoce-rekin eta Estatuko Gazteria eta Haurtzaro Ministerioarekin lankidetzan sortu da, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren bitartez. Egiaztatu ahal izango dituzten gaitasuna izango dira, adibidez, ikaskuntzarako arintasuna, taldekako lana eta arazoen analisirako eta ebazpenerako gaitasuna.
Bestalde, Nafarroako Europar Gazte Txartela programak 29 proposamen eskainiko dizkie txartelaren titularrei. Horien artean esanguratsuenak honako hauek dira: IrrisarriLandera txangoa, Baztan Abentura Parkera txangoa, river walking eta eBike txangoak Lizarraldean, arroila-jaitsiera Burgin eta bela, piraguismo eta paddle sup bezalako jarduera akuatikoak Allozko urtegian.
Programak Nafarroatik kanpoko jarduerak ere biltzen ditu, hala nola surfa Zarautzen, urpekaritza Hondarribian eta raftinga Murillo de Gallegon, eta asteburuko bi jarduera Laredon eta Gorlizen, surfean eta big-sup-ean oinarrituak.










