Zabalik da Gladys Sariaren bosgarren ediziorako deialdia

Sariak euskal hiztun diren eta ingurune digitalean lan egiten duten emakumeak aitortu nahi ditu erreferente berriak sortzeko

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

PUNTUEUS Fundazioak eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak euskal ingurune digitalean emakume gazteen lana ikusarazteahelburu duen Gladys Sariaren bosgarren edizioa aurkeztu dute Donostian. Irabazleari 4.000 euroko saria eskaintzen dion deialdi honetan hautagaitzak aurkezteko epea zabalik izango da datorren ekainaren 1era arte. Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes nagusiaz gain, Emakunde, Danobatgroup, Euskaltel Fundazioa, EITB eta UPV/EHUko berdintasun zuzendaritza erakundeek ere parte hartzen dute.

Aurten bere bosgarren edizioa beteko duen sari honen xedea da emakume gazteak karrera teknologikoetan murgiltzera animatzea eta eremu digitalean erreferente berriak sortzea. Lehiaketak Gladys del Estalen izena darama, Donostiako Informatika Fakultateko ikasle izandakoa eta Tuteran egin zen protesta antinuklear batean Guardia Zibilak tiroz eraildako ekintzaile ekologista. PuntuEus Fundazioko marketin eta komunikazio zuzendari Lorea Arakistainek azaldu duenez, “Gladys teknologiaren eta berdintasunaren arteko topagune bat da”.

Gladys Saria

Lehiaketan parte hartu dezakete ingurune digitalaren edozein eremutan lan egiten duten 40 urte arteko emakumeek. Oinarriek norbere burua aurkeztea nahiz hirugarren pertsonek proposatuta izatea ahalbidetzen dute. Hautagaitzak www.gladyssaria.eus webgunearen bidez aurkeztu behar dira ekainaren 1a baino lehen.

Epaimahaiak funtsezko hiru alderdi ebaluatuko ditu:

  • hautagaiaren etorkizuneko proiekzioa,
  • orain arteko ibilbide profesionala
  • sektore teknologikoan beste emakume batzuk inspiratzeko eta ahalduntzeko duen gaitasuna.

UPV/EHUko Informatika Fakultateko Berdintasun Batzordeko kide Olatz Arbelaitzek azpimarratzen duenez, “Gladys Sariak orain arte profil oso desberdinak dituzten lau emakume saritu ditu eta horrek erakusten du erreferente anitzak behar ditugula. Nahi dugu neska gazteek ulertzea sektorean aukera asko daudela”.



Gipuzkoako Foru Aldundiako Berdintasun zuzendari Nerea Isasik, berriz, Gipuzkoa erreferente teknologiko bihurtu nahi duen testuinguru batean, adierazi duenez, “Gipuzkoak laster munduko ordenagailu kuantiko bakanetako bat hartuko du eta horrek sektore berri honetarako emakume gehiago prestatu, inspiratu eta erreferente bihurtzeko” erronka planteatzen du.

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestaren hitzetan, “Sari hau funtsezkoa da zientzia eta teknologiako emakumeen ikusgarritasuna eta prestigioa sustatzeko, belaunaldi berrientzako erreferenteak sortzeko, eta gaur egungo baldintzak hobetzeko. Genero-arrakala ez da presentzia faltan soilik ageri, baizik eta oraindik nagusi den ikuspegi androzentrikoan ere. Horregatik, beharrezkoa da paradigma-aldaketa bat, berdintasuna sistematikoki txertatzeko”.

Gladys Sariaren aurreko edizioetako irabazleak honako hauek izan dira:

  • Ane Iturzaeta Agirre (2021)
  • Olatz Perez de Viñaspre (2022)
  • Amaia Abanda Elustondo (2023)
  • Lorea Argarate Zubia (2024)