Euskararen Etxeak 2025eko Europako Museo Onenaren Saria jaso du

Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaritza batek pasa den urtearen amaieran emandako saria jaso du Estrasburgon

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Euskararen Etxeak Europako Kontseiluko Parlamentu Biltzarreko (PACE) Kultura Batzordeak ematen duen 2025eko Europako Museo Onenaren Saria jaso du. Sari banaketa Estrasburgon egin da eta bertan izan dira Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobe, museoko zuzendari Iurdana Acasuso, eta Euskara, Kultura eta Kirol foru-diputatu Leixuri Arrizabalaga. Saria Konstantinos Efstathiouk, Batzordeko lehendakariak eman du.

1977. urteaz geroztik ematen den sari honek Europako kultura-ondarea ulertzen laguntzen duten, giza eskubideak eta demokrazia errespetatzen dituzten, eta kultura ezberdinen arteko zubiak eraikitzen dituzten museoen lana aintzatesten du. Sariak, halaber, muga sozial eta politikoak gainditzen laguntzen duten, gizarte arazo garaikideei buruzko ezagutza zabaltzen duten eta herritartasun demokratikoaren kontzeptuak ikertzen dituzten erakundeen lana ere aitortzen du.

Europako Kontseiluko Kultura, Zientzia eta Hezkuntza Batzordearen aurrean egin duen hitzaldian, Etxanobek adierazi du “izugarrizko poza da Europako Museo Onenaren saria jasotzea, baina adierazi nahi dugu euskara ez dela museo pieza bat. Euskara hizkuntza bizia da hiztunen eta euskal gizartearen inplikazio eta konpromisoari esker”. Ahaldun Nagusiak gehitu duenez, “sari hau euskal gizarte osoarentzako aitortza da”.

Bestalde, Acasusok Euskararen Etxea deskribatu du bere hitzaldian: “zentro txiki baina dinamikoa, belaunaldien arteko jarduerak dituena, lotura sozialak eta komunitate sendoagoa sortzen dituena”. Museoko zuzendariak euskararen dualtasuna ere azpimarratu du. “Euskararen Etxean islatu nahi izan dugu gure hizkuntza milurtekoa dela eta, aldi berean, gaztea, ingurune anitzean bizitzea eta egokitzea lortu duelako egokitu zaion garai bakoitzean. Gizarte bezala, euskararen ispiluan islatuta ikusten dugu geure burua” azaldu du.

Euskararen Etxea Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen du Azkue Fundazioaren bidez, eta euskararen iraganeko historia gaur egungo eta etorkizuneko errealitatearekin lotzen duen interpretazio zentro izatea du ezaugarri.