Gasteizko 35 familiak energia eta ura aurrezten ikasiko dute ‘Etxe Berdeak’ programari esker

Esperientzia honetan parte hartu nahi dutenek apirilaren 16ra arte eman dezakete izena www.fundacionvital.eus webgunearen bidez

 Irakurketa denbora: 3 Minutu

Fakturak murriztu nahi dituzu eguneroko bizitza jasangarriago bat eginez? Vital Fundazioaren ‘Etxe berdeak’ programa Gasteizera itzuliko da 35 familiari beren etxea modu arduratsuago eta jasangarriagoan kudeatzen irakasteko. Estatuko energia-gastuaren % 30 eta ur guztiaren % 10 hartzen du etxeko kontsumoak.

Joan den urtean, Arabako Kuadrilla ezberdinetako udalerrietan zehar ibili ondoren, ‘Etxe berdeak’ ekimena Arabako hiriburura itzuliko da parte hartzen duten familiei ingurumena gehien errespetatzen duten ohiturak aldatzeko prozesuan laguntzeko. Programak beren etxeko kontsumoa kontrolatzeko eta eguneroko bizitzan aurrezteko jokabideak sartzeko beharrezko tresnak emango dizkie.

Kontsumo kontzientea

Proiektua maiatzean hasiko da programan parte hartzeko aukeratutako familiei egingo zaien aurkezpen batekin. Ondoren, hilean behiz, saio ezberdinak eskainiko dira gai zehatz baten inguruan sakontzeko:

  • Energia (maiatzean)
  • Ura eta hondakinak (ekainean)
  • Mugikortasun jasangarria (irailean)
  • Kontsumo kontzientea (urrian)

Zikloa azaroan amaituko da eta prozesu osoan parte hartu duten familiei emaitzak eta diplomak emango zaizkie.

Izena ematen duten pertsona guztiek gomendio praktikoak biltzen dituzten informazio-materialak eta aurrezpen eta efizientzia kit bat jasoko dituzte. Gainera, jasangarritasunarekin harremana duten leku interesgarriak bisitatzeko antolatuko diren txangoetan parte hartu ahal izango dute, hala nola ontziratze plantetara, ur-araztegietara edo zabortegietara. Horrez gain, zero kilometroko produktuak edo produktu ekologikoak ere jasoko dituzte etxeko kontsumorako.



Esperientzia honetan parte hartu nahi dutenek apirilaren 16ra arte eman dezakete izena www.fundacionvital.eus webgunearen bidez. Eskaintzen diren plazak baino eskatzaile gehiago egonez gero, Fundazioak zozketa bat egingo du jasotako aurre-inskripzio guztien artean.

Jarduera irekiak

Nobedade gisa, ‘Etxe Berdeak’ programaren edizio honek bere eskaintza zabalduko du herritar guztientzat irekiak diren jarduerekin. Ekainean, gertuko baratze batean nekazaritzaren sekretuak familian ezagutzeko aukera ematen duen  ‘Ekin baratzeari’ programaren edizio berri bat egingo da. ‘Izan zaitez hazien zaintzaile’ ekimenean, berriz, familiako txikienek etorkizun jasangarrirako haziek duten garrantzia ezagutuko dute. ‘Let’s Clean Up Euskadi’ programaren barruan, hirugarren urtez jarraian, ingurunea garbitzeko topaketa bat egingo da eta, azkenik, ‘Ekopaseak’ programari esker, izena ematen duten familiek Valderejoko parke naturala ezagutzeko aukera izango dute.



Programazioa ‘Zineforum Jasangarri’ batekin osatuko da. Ikus-entzunezko bakoitzaren proiekzioaren ondoren dagokion gaiaren inguruan eztabaidatzeko aukera izango da. Horrez gain, ingurumena ardatz izango duen hitzaldi ziklo bat ere antolatu da. Guztira sei hitzaldi eta tailer izango dira honako gai hauek jorratzeko:

  • Xaboia egiteko jarraibideak
  • Janari hondakinak murrizteko gakoak
  • Hiriko emisio gutxiko gunean nola jokatu
  • Faktura energetikoa ulertzeko gakoak
  • Etxean izan ohi diren produktu kimikoen kudeaketa
113 familiak parte hartu zuten iazko edizioan

Iazko ikasturtean, ‘Etxe Berdeak’ programak bere proposamena Arabako udalerri ezberdinetara eraman zuen, non 113 familiak aholkularitza pertsonalizatua jaso zuten hondakinen kudeaketa eraginkorraz, kontsumoaren murrizketaz eta ohituren aldaketaz. Programak 36 jardunaldi tematiko, 12 hitzaldi ireki eta txango ezberdinak barne hartu zituen. Parte-hartzaileek bertatik bertara ikusi ahal izan zuten, Gardelegiko zabortegian, nola kudeatzen diren hondakinak; Arabako gaztandegi efiziente eta ekologiko bat bisitatu zuten, eta han egiaztatu zuten nola egiten duten konposta ardi latxaren gorotzekin eta artilearekin, nola erabiltzen duten koltzatik ateratako elikagai bat ardiak elikatzeko, edo nola lortzen duten eguzki-energia pabiloiaren teilatuan dituzten panel fotovoltaikoen bitartez; euren animaliak, baratzea eta ingurunea duten etxaldeak eta familia-proiektuak, non lurra ukitu zuten; Sabando, herri energetikoa; edo komunitate energetiko bat.