Irakurketa denbora: Minutu 1
Bidebarrieta Kulturguneak María Oruña, Mikel Ayestaran eta Ray Lorigaren azken lanen aurkezpena hartuko du hil honetan. Apirilaren 10, 11 eta 14an izango diren hiru aurkezpenak 19:00etan izango dira eta sarrera librea izango da edukiera bete arte. Gainera, bertaratu ezin duten horiek streaming bidez jarraitu ahal izango dituzte aurkezpenak Bidebarrieta Kulturgunearen YouTube kanalaren bidez.
Aurkezpen hirukoitza
Apirilaren 10ean, María Oruñak bere “El albatros negro” eleberria aurkeztuko du. Vigon kokaturiko thriller honek, itsasadarrean ezkutaturiko altxor misteriotsu baten inguruan dihardu. Trama itsas historialari baten heriotzarekin hasten da, eta horrek inspektoreorde bat eta Ondare inspektore bat ikerketa arriskutsu batean murgiltzera daramatza. Oruña, abokatu eta eleberrigilea, “Los libros del Puerto Escondido” eleberri sortagatik ezaguna da, nahiz eta lan berri hau sail horretatik kanpo kokatu. El Correoko Kultura Gelaren zuzendari César Coca kazetariak lagunduko dio aurkezpenean.
Apirilaren 11n, Mikel Ayestaranek “Historias de Gaza” lana aurkeztuko du, lurralde horren historia bertako biztanleen bidez kontatzen duen kronika. Ekialde Hurbilean espezializatutako kazetaria da Ayestaran eta aurkeztuko duen lan horretan Gazako gatazken eta erresistentziaren ikuspegi pertsonal eta zehatza eskaintzen du, bereziki Hamasen azken erasoen eta Israelen errepresaliaren ondoren. ETBko nazioarteko informazioaren zuzendari Mikel Reparazek aurkeztuko du saioa.
Aurkezpenen txanda ixteko, apirilaren 14an, Ray Lorigak “TIM”, bere azken eleberria aurkeztuko du. Bere prosa zorrotz bereizgarriarekin, Lorigak bere buruarekin eta inguruko munduarekin gatazkan dagoen pertsonaia baten ahultasuna aztertzen du. Narrazioa, umore garratzez betea, protagonistak Elisarekin duen harremanean zentratzen da, errealitatearekiko duen lotura bakarra. Sara Cabrera kazetariak aurkeztuko du saio hau.








