Mikel Reparaz: “AEBko desoreka ekonomiko eta sozial gehienek kolore beltza dute”

Argitaratu berri den ‘Las grietas de América’ liburuan azken urteetan hedabideetan gero eta oihartzun handiagoa duten arraza-gatazkak aztertzen dituzu. Liburuan azaldutakoaren arabera, arazo puntual baten aurrean baino, arazo estruktural baten aurrean gaude eta jatorria herrialde horren sorkuntza prozesuan bertan litzateke. 

Beste gatazka guztiak bezala, gatazka horrek ere baditu bere sustraiak. Nire ustez, gatazka politiko baten aurrean gaude, jatorrian arrazazkoa, eta XIX. mendean gerra zibil bat eragin zuena. Beraz, egun ikusten ari garen istilu horiek guztiak ez dira oraingo kontua; ez da Trumpen eraginez sortutako zerbait. Liburuaren xedea da AEBn gertatzen ari den hori ulertzeko gida bat izatea. Eta horretarako, ezinbestean, denboran atzera jo eta herrialde hori nola eratu zen ulertu behar da. Izan ere AEBko ‘aita fundatzaileak’ (Jefferson, Washington…) jauntxo esklabistak ziren eta garai horretan, Estatu Batuetako ekonomia, hein handi batean, eskulan esklaboan oinarritzen zen. Orduan sortutako desoreka horiek gaur egun arte mantendu dira. Egia da hainbat aurrerapauso eman direla, baina aurrerapauso bakoitzeko supremazismo zuriak atzerapauso bat ematen saiatu da.

Liburuan beltzen aurkako indarkeria kasuak dira protagonista, baina AEBko historian beti izan da gutxiengoen aurkako indarkeria; hor dugu bertan ziren indigenekin jazotakoa edo sexu-orientabide ezberdina duten pertsonekin gertatzen dena. Badirudi gizon txuri katoliko/protestantearen eskematik at geratzen den guztiak ez duela lekurik herrialde horretan.

Hala da. Supremazismo zuria boterean izan da beti eta boterean mantentzeko gutxiengoak zapaldu izan ditu. Baina hori demografia kontu batean oinarritzen da. Izan ere, gaur egun, AEBko biztanlerian aniztasuna gero eta handiagoa bada ere, % 70etik gora zuriak dira eta, horien artean, gehienak kontserbadoreak. Gutxiengoak beti baztertuak izan dira. AEBko desoreka ekonomikoak eta sozialak aztertzen badira, kasu ia gehienetan desoreka horiek kolore beltza dutela ikusiko dugu. Europan zaila egiten zaigu ulertzea, baina AEBn arrazak oso garrantzi handia du. Adibidez, nire semeak eskolan matrikulatu behar izan nituenean, izen-emate orrian haurra zein arrazakoa den galdetzen zen.

2016an Obamalandetik Trumpistanera pasatu zela diozu, baina liburuan Obamak arrazagatiko gatazkaren inguruan ezer gutxi egin zuela agerian uzten duzu. Itxaropen handiak jarri ote ziren Obamarengan?

Zalantzarik gabe, Obamaren bizkar gainean itxaropen gehiegi jarri ziren. 2008an Chicagon izan nintzen Obamaren garaipenaren berri ematen eta eman nuen izenburua zen “hemen amaitzen da arrazagatiko gatazka”. Denborarekin ikusi da hori ez zela, inondik inora, egia. Nik garbi daukat Obama Trump baino presidente hobea izan dela, baina saiatu naiz Obama ez idealizatzen. Izan ere, Obamak eskubide sozialen inguruan agindutako hainbat kontu ez ditu bete. Black Lives Matter mugimendua, adibidez, Obamaren agintaldian sortu zen. Gainera, Obamak garatu dituen hainbat politika Trumpenak baino muturrekoagoak izan dira, adibidez, immigrazioaren arloan. Kontrakoa pentsa badaiteke ere, Obamak Trumpek baino mexikar gehiago deportatu ditu, 2,5 milioi pertsona inguru. 

Obamak garatu dituen hainbat politika Trumpenak baino muturrekoagoak izan dira, adibidez, immigrazioaren arloan.

Obamaren agintaldiak neurri handi batean 2016an Trumpek lortu zuen garaipena ‘erraztu’ omen zuen, ‘gizon txuri amorratu’ asko eragin zituelako. Zer dela eta izan ziren hainbeste gizon txuri amorratu?

Trump fenomenoa ekaitz perfektu baten testuinguruan eman zen. Liburuan aipatzen dudan amorru hori herrialde aberats guztietan eman den fenomeno bat izan da eta globalizazioaren aurkako sentimenduan du jatorria. 2008ko krisiak oso modu latzean astindu zituen herrialde aberatsenak eta hainbat langilek lana galdu zuten, zenbait kasutan, enpresak garapen bidean ziren herrialdeetara eraman zituztelako. Sentimendu horrek, herrian du oinarria, elite liberalen aurkako langileen mugimendu bat da eta, AEBren kasuan, gainera, arraza-osagaia ere tartean sartzen da. 2016ko hauteskundeen emaitzan, zalantzarik gabe, bada presidente beltz baten aurkako erreakzio bat. Izan ere, bere azalaren koloreaz gain, Obamak hiritar zuri kontserbadoreak sutan jarri zituen zenbait politika abian jarri zituen, hala nola, Obamacare, pertsona homosexualen arteko ezkontzen legalizazioa…

Nazioarte mailan Trump-en eredua edo ideologia beste hainbat herrialdetan errepikatzen ari dela ikus daiteke. Adibiderik garbiena Brasilen dugu Bolsonarorekin, baina Europan bertan ere horrelakoak ikus daitezke. Zer dela era horrelako politikarien gorakada?

Azaldu dudan bezala, horrelako politikarien edo mugimenduen gorakadaren arrazoia 2008ko krisiaren ostean sortu zen globalizazioaren aurkako sentimenduan bilatu behar da. Krisi horrek eragindako testuinguruan mugimendu populistek, bereziki eskuindar ideologiakoek, oso arrakasta handia lortu zuten. Horien artean, Trump eredua izan da eta, ondoren, Bolsonaro edo Boris Johnson bezalakoak etorri dira. Hala ere, nik tentuz hartuko nuke Trump-en kontu hori guztia; sarritan, bere pailazo jokabide horrek itsutu egiten gaitu, baina gutxietsi egin dugu bere boterea, batez ere hasieran. Trump-ek eta bere ingurukoek (eskuin muturreko hainbat kide) oso estrategia ona garatu dute eta oso modu egokian zuzendu ziren boterea eman ahal zieten hiritar horiengana guztiengana.

Azaroaren 3an hauteskundeak izango dira AEB. Inkestetan Trump atzetik bada ere, irabazle atera daitekeela uste al duzu? Demokratek aurkeztu duten hautagaia (Joe Biden) agian aurkaririk indartsuena ez dela dioten ahotsak ere badira…

Biden-en benetako egokitasuna telebistan izango den zuzeneko debatean ikusiko dugu. Aurrez aurreko debate horietan Trump-ek min handia egin diezaioke Biden-i. Une honetan, Biden aurretik da inkestatan eta seguruenik, boto kopuruan irabazle suertatuko da. Kontua da AEBko hauteskunde sistema oso konplexua dela eta boto gehien dituenak ez du beti irabazten; hor dugu, adibidez, 2016an Hillary Clinton-i gertatutakoa. Aurtengo hauteskundeak, nagusiki sei estatutan erabakiko dira: Wisconsin, Michigan, Pennsylvania, Ipar Carolina, Arizona eta Florida. Nik ez nuke apusturik egingo; duela lau urte Trump atzetik zegoen eta azkenean irabaztea lortu zuen jakin izan zuelako boto-emaile zehatzetara iristen.

Trumpek hauteskundeak galduko balitu, emaitzak onartuko dituela uste duzu ala, ostera, trikimailuren bat erabiliko du boterean mantentzeko?

Gai horrek zer esan handia eragin du hainbat hedabidetan. Kontua da, pandemia dela eta posta bidez bozkatzen ari direnak, nagusiki, alderdi demokratakoak direla. AEBn, bozkatzeko demokrata, errepublikano edo independente bezala erregistratu behar duzu, nahiz eta gero zure bozka aldatzeko aukera izan. Demokraten artean askok posta bidezko botoaren alde egin dute, eta errepublikanoen artean, aldiz, zuzeneneko botoaren alde. Horrek guztiak oso egoera bitxia eragin dezake azaroaren 3an. Izan ere, lehenik eta behin, zuzeneko botoen zenbaketa egingo da eta, ondoren, postaz emandako botoak gehituko dira. Orduan, posible da zuzeneko botoen hasierako zenbaketa horrekin Trump irabazle ateratzea, baina zenbait egun beranduago postaz bidalitako botoek emaitza horri buelta ematea. Eta orduan bai, oso egoera berezia emango litzateke, batez ere kalean den giroarekin.

Aurtengo hauteskundeak, nagusiki sei estatutan erabakiko dira: Wisconsin, Michigan, Pennsylvania, Ipar Carolina, Arizona eta Florida.

Garbi dago hauteskundeen emaitzak arretaz jarraituko direla mundu osoan. Beti izan da horrela, baina agian, oraingoan are gehiago. Izan ere, Trumpen nazioarteko politika oso muturrekoa izan da: Europar Batasuna alde batera utzi du Brexit gogor baten alde eginez. Zein nolako eragina izan dezake AEBren eta EBren arteko harremanean Trumpen garaipen berri batek?

Kalte handiena jada egina dago. Brexitaren kontuan, adibidez, Trump Johnson laguntzeko prest azaldu da, baina Biden ostera ez eta bere alderdian den lobby irlandarraren eraginez edo, Irlandako Iparraldean den bake-akordioa mehatxa dezakeen edozein akordio ez duela babestuko azaldu du. Oro har, Trump-ek irabazten badu AEBren eta EBren arteko harremana ez dela ona izango aurreikus daiteke, ez Brexitaren kontuagatik bakarrik, baita itun komertzialen aferagatik ere. Biden-ek irabazten badu, aldiz, Amerika eta Europaren arteko harremanak hobera egingo lukeela pentsa daiteke.

Hil honetan bertan Auzitegi goreneko epaile progresista bat hil da: Ruth Bader Ginsburg. Heriotza horrek utzi duen hutsuneak aukera ematen dio Trump-i epaile kontserbadore berri bat izendatzeko eta, horrela, abortuaren, osasunaren edo etorkinen eskubideen aurkako erabakiak har ditzakeen gehiengo bat osatzeko. Atzerapauso larria izan liteke? 

Oso gai garrantzitsua da hori, AEBko Auzitegi Goreneko epaileek oso botere handia dutelako. Kontuan izan behar da kargu horiek biziartekoak direla, hau da, behin kargua hartuta hil arte ez da galtzen. Trumpek jada bi epaile izendatu ditu, gainera, nahiko gazteak biak, 50 urte ingurukoak eta, beraz, pentsa daiteke hainbat urtez izango direla karguan. Bader Ginsburg-en heriotzak hirugarren bat izendatzeko aukera emango lioke, baina kontuan izan behar da bere presidentetza hilabete eskas barru amai daitekeela eta, ondorioz, ez litzateke ondo ikusiko tarte labur horretan izendapen berria egitea. Adibidez, Trumpek egindako lehen izendapena Obamaren presidentetzan hildako epaile batena izan zen; kontua da Obama ateratzear zela eta hurrengo presidenteari utzi zion ardura hori.

Izendapen berri horrek auzitegi gorenean den oreka alde batera edo bestera eraman dezake eta horrek hurrengo hamarkadetako politika baldintza dezake. Ginsburgen heriotzak mesede handia egin dio Trumpi gehiengo kontserbadore baten beharra mahai-gaineratzeko aukera ematen diolako eta horrek, seguruenik, botoak emango dizkio.

Liburuan azaltzen dituzun arrail horiek guztiak oso errotuta daude estatubatuar gizartean. Zer beharko litzateke horiek guztiak desagerrarazteko edo leuntzeko? Etorkizunera begira, ez dirudi baikor izateko arrazoi handirik dagoenik…

Oso konponbide zaila duen gatazka baten aurrean gaude. Une honetan herrialdea zatituta dago, bi Amerika daude eta horien artean ez da elkarrizketarik. Egia da historian zehar hainbat aurrerapauso eman direla, baina 200 urte baino gehiago pasatu dira eta gatazka konpontzeke dago. Demografikoki gauzak orekatzen ari dira eta urteen poderioz biztanleria zuriaren gehiengoa ez da hain nabarmena izango. Kontua da horrek gatazka konpondu beharrean agian tentsioak areagotuko dituela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.