Egun indarrean den modelo energetikoa zaharkitua eta bidegabekoa dela defendatzen duzu. Zergatik?
Egun nagusi den eredu energetikoa, hein handi batean, erregai fosiletan oinarritzen da. Erregai horiek finitoak dira eta hainbat aditu jada hasi da eskasiaren garaira iritsi garela esaten. Erregai horiek eskasagoak izango direnez, eskaintza ere jaitsiko da eta ezin izango dugu orain arte adina energia kontsumitu, ez behintzat erregai horietatik eratorritakoa.
Bestalde, indarrean den eredu honek oso ondorio ekologiko eta sozial handiak ditu. Klima-aldaketarena dugu, seguruenik, esaten dudan horren adibiderik esanguratsuena. Gainera, petrolioa erauzten den tokietan eragin ekologiko eta sozial handiak izaten dira. Gure artean, orain, frackingaren inguruko eztabaida dugu horrek sor ditzakeen kalte ekologikoak ahazten direlarik.
Azken finean, energia ez da ongizaterako baliabide gisa hartzen; energia merkatuan sal daitekeen eta etekin handiak ematen dituen baliabidetzat hartzen da eta enpresa handiek gai horren inguruko politikak baldintzatzen dituzte.
Garbi dago egunen batean erregai fosilen eredu hori amaitu egingo dela. Horrek beste modelo baterako transizio batera behartzen gaitu. Nolakoa izan beharko litzateke transizio hori?
Gaur egun jada transizio horretan gaudela saldu nahi digute, gas naturala transizio horren ardatz dela esanez. Nik ez dut uste hori hala denik, izan ere, gas naturala ere baliabide finitoa da eta, beranduago bada ere, amaituko da noizbait.
Funtsezkoa da energia berriztagarrietan oinarritzen den eredu batera jotzea, eta zenbat eta lehenago egin, hobeto. Zoritxarrez, eredu horren bidez sor daitekeen energia ez da nahikoa egun den kontsumoa asetzeko. Ondorioz, mundu mailan, baina batez ere herrialde garatuetan, den energia kontsumoa murriztu beharko da. Hau ezinbestekoa izango da eta komenigarria litzateke aldaketa hori kontzienteki egingo bagenu, bestela, halabeharrez egin beharko baitugu.
Azaldu duzun moduan, energia berriztagarriekin ezin bada ditugun energia beharrak asetu, energia nuklearraren aukera aintzat hartu beharko genuke?
Nire ikuspuntutik ez. Oso energia iturri arriskutsua da, berriki Fukushiman ikusi ahal izan dugun moduan.
Gainera, energia nuklearra ez da energia berriztagarria bere funtzionamendurako finitoak diren lehengaiak behar baititu. Eta hondakin nuklearren kudeaketa ere kontutan hartu beharreko afera da. Hori guztia dela eta, ez dut uste energia nuklearra etorkizunean kontutan hartu beharko litzatekeen alternatiba denik.
Gizadiaren ongizatea edota gutxieneko bizitza maila duin bat bermatzeko energia kopuru handiak behar direla kontutan hartzen badugu, nola kudeatu energia iturrien ustiaketa eta ekologiaren artean ematen den txoke edo talka?
Zaila da. Eztabaida horretan ‘zer’ galderari ezezik, ‘zenbat’ eta ‘nola’ galderei ere erantzun behar zaie. Etorkizunean, teknologia mailan eman daitezkeen aurrerapenei esker, energiaren ustiaketa ingurumenarekin onberagoa izatea espero da, baina beti izango da kalte ekologiko bat. Energia berriztagarrien garapenean ere erabakiak eta kudeaketa modu arduratsuan hartu beharko da: kalte txikien eragin dezakeen lekuak eta moduak hautatuz eta sistema deszentralizatua lehenetsiz azpiegitura handien gainetik.
Energiaren hornikuntza bermatzea Europako politikarien agendan letra larriz idatzita dagoen gaia da. Euskal Herriaren kasuan, gure kontsumo maila asetzeko energia iturri garrantsitzu baten faltan, zer espero dezakegu etorkizunera begira?
Euskal Herriak menpekotasun handia du gai horretan, kontsumitzen dugun ia energia guztia kanpotik ekarritakoa baita. Nafarroan zertxobait aurreratuago daude energia berriztagarrien alorrean baina EAEn ekoizpena oso baxua da.
Herrialde aurreratua garen heinean eta energia kontsumo handia dugunez, nik uste dut energia berriztagarrien aldeko benetazko apostua egin beharko genukeela, gure artean ditugun baliabideak ahalik eta modurik eraginkorrenean aprobetxatuz: energia hidraulikoa, eguzkia, biomasa… Baliabide energetiko garrantsitzuen faltan, bai uste dut bestelako baliabide sozial eta ezagutza garrantzitsuak ditugula egoera horri buelta eman ahal izateko.
Energiaren arazoari buelta emateko, sarritan, itxaropen gehienak garapen teknologikoan jarri izan dira, horren bidez, erregai mota jasangarriagoak garatzeko gai izango garelakoan edo. Teknologiak arazo hori konpontzen lagun gaitzake?
Garapen teknologikoa oso garrantzitsua izan daiteke, adibidez, energia berriztagarrien kasuan, ahalik eta eraginkorren izaten laguntzeko. Egun dugun kontsumoa mantentzen ahalbidetuko digun erregairen bat aurkitzeko gai izango garen galdetzen badidazu, ez dut uste halakorik emango denik. Gero eta garbiago izan beharko genuke eredua aldatu beharra dagoela eta teknologiak hau lortzen lagundu beharko luke. Eredu aldaketa hori ez dugu zertan negatibotzat jo behar. Egoera berri batera egokitu beharrak dituen arazoak izango dira, baina baita alde positibo asko ere: elkartasuna, gutxiagorekin bizitzen ikasi, kontsumismoan oinarritzen ez den gizarte bat garatu…