Markel Redondo: “Japonian bizi duten egoera benetan kezkatuta egoteko da”

Nola hasi zinen argazkilaritza munduan? Txikitatik zenuen zaletasuna da ala beranduago sortutakoa da?

Betidanik izan dut gustuko argazkilaritza, baina ez nuen inoiz modu serioan hartzen. Londresen lanean nintzela, Ingalaterran bertan unibertsitatean ikastea erabaki nuen. Boltoneko Unibertsitatean izena eman nuen, baina ez argazkilaritza ikasteko, informatika baizik. Klaseak hasi baino egun bat lehenago iritziz aldatu eta argazkilaritza ikastea erabaki nuen. Hasieran, hartutako erabakiarekin damutuko nintzela uste nuen, baina bigarren ikasturtean ikasketak Txinan jarraitzeko aukera azaldu zitzaidan eta orduan benetan gustuko nuena argazkilaritza dokumentala zela ohartu nintzen. Txinan esperimentatzeko eta ikasteko aukera izan nuen. Nolabait eskenatoki perfektua izan zen niretzat.

Nola azaldu zen Txinan ikasteko aukera hori?

Hasieran Boltoneko Unibertsitateko elkartruke ikasle gisa joan nintzen. Han oso gustura izan nintzenez, behin ikasketak Ingalaterran amaitu ondoren fotokazetaritza master bat egitera joan nintzen Europar Batasunaren beka bati esker eta Boltoneko Unibertsitatearen laguntzarekin.

Nolakoa izan zen han bizi ahal izan zenuen esperientzia?

Nire ustez Txina herrialde ikaragarria da eta, bere momentuan, niretzat leku ezin hobea izan zen argazkilaritza ikasteko eta nire teknika hobetzeko. Gai politikoetan sartzen ez bazara, han ez duzu inolako arazorik jendeari argazkiak ateratzeko. Txinan bizitza askoz ere merkeagoa da eta, nahiz eta diru kopuru handia ez izan, ia herrialde osotik bidaiatzeko aukera izan nuen, beti ere argazki kamara lagun nuelarik.

Han urtebete eman ondoren, Europara itzultzea erabaki nuen, baina hegazkinez bueltatu beharrean, trenez bueltatzea erabaki nuen. Bidaia ahaztezina izan zen. Txinako hegoaldetik Xianera joan nintzen eta han Terrakotazko Gerlariak ikusteko parada izan nuen. Handik Beijingera eta hortik Mongoliara. Herrialde hori izan zen, zalantzarik gabe, bidaia horretatik gehien liluratu ninduena: paisaia berde amaigabe eta hutsak eta izpiritu nomada duen jende abegitsua. Ondoren, transiberiar tren ospetsuan Ulan Bator-etik Moskuraino joan nintzen, guztira sei egun; handik Poloniara eta azkenik Bilboraino. Guztira hilabete osoko bidaia izan zen.

Txinan egin zenuen erreportaje bati esker PhotoEspaña lehiaketa ospetsuko finalista izatea lortu zenuen. Zeren inguruko erreportajea izan zen?

Aipatu fotokazetaritza masterrerako egin beharreko azken lana izan zen. Turismoaren inguruko erreportaje bat izan zen. Txinan zehar hainbat hilabetez bidaiatzeko aukera izan nuen eta denbora horretan guztietan, arrazoi desberdinengatik txinatar turistek bisitatzen dituzten tokietan izan nintzen: komunistek batailak irabazi zituzten tokiak, hondartzak, parke naturalak… Erreportajean txinatar turismoa ulertzeko bide eman nahi izan nuen, ingurunearekin duen harremana eta txinatarren artean hain garrantzitsua den taldekako turismoa.

Behin Euskal Herrira bueltatuta, zein nolako lanak burutu zenituen?

Euskal Herritik kanpo ia hamar urte izan ondoren, Txinan egin nuen antzeko lana egiten saiatu nintzen, baina etxean. Hasieran, lan sozialetan zentratu nintzen. 2008an British Councilek beka bat eman zidan Bilbon den inmigrazioaren inguruko lan bat burutzeko. Lan horrekin liburu bat argitaratu zen (Europako bestelako hirietan antzeko lana egin zuten beste argazkilariekin batera) eta erakusketa bat ere egin zen. Ondoren, nazioarteko egunkari eta aldizkari desberdinetarako lan egiteko aukera izan nuen, batez ere, izaera soziala duten erreportajeak burutuz.

Atzerriko komunikabideetarako lan egiteak munduan zehar bidaiatzeko aukera eman dizu. Zein lan azpimarratuko zenituzke?

Txinan egin nituen lanak oso garrantzitsuak dira niretzat; jada aipatu dudan turismoaren inguruan egindakoa edota Yangtze ibaiaren inguruan egindakoa ere. Txinan bizi izan ditudan bi urte horiek herrialde horren inguruan gertuko ikuspegi bat eman didate. Iaz, Ayuda en Acciónekin lankidetzan Ertamerikan eta Estatu Batuetan izan nintzen immigrazioari buruzko erreportaje garrantzitsu bat egiten. Azken hau oso lan garrantzitsua da, gaia berez oso garrantzitsua delako eta latinamerikar etorkinek bizi duten egoeragatik.

Azken asteetan Japonian izan zara, Fukushimako zentral nuklearrean bertan. Zein nolako egoera ikusi zenuen?

Bai, Greenpeacekin batera izan naiz Japonian Fukushimako zentralean jazotakoaren inguruan erreportaje bat egiteko. Joan nintzenean zentralaren inguruan dena hankaz gora egongo zela uste nuen, baina harrigarria bada ere, zentraletik berrogeitamar kilometrotara dauden herrietan jada ezer gertatu izan ez balitz bezala bizi dira. Leku horietan Greenpeacek erradiazio maila altuak zeudela frogatu ahal izan zuen. Ni ez naiz aditua, baina inguruan biziko banintz kezkatuta egongo nintzateke, ia egunero lurrikararen erreplikak daudelako, eta oraindik ere beste lurrikara handi bat izango dela espero dutelako. Ondorioz, Fukushiman gertatutakoa berriz ere errepika daiteke. Han ikusi nuen beste arazo bat informazio faltarena da. Jendeak konfidantza handia azaltzen du bere gobernuarekiko, baina horrek ez du behar adina informazio ematen.

Eta zeintzuk dira epe laburrerako asmoak?

Momentu honetan nire bi web orrialdeetan lan egiten ari naiz: markelredondo.com eta red-ondo.com. Gainera, Espainian bizi den krisi ekonomikoaren inguruan ere lan multimedia bat prestatzen ari naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.