Euskara-ikastaro trinko batek hamabi herrialdetako ikasleak bildu ditu Amorebietan

Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetako 22 ikaslek euskara indartzen ari dira Bizkaiko barnetegi batean. Programa hau Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko sarearen baitan dago

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  Etxepare
Hitz kopurua:  216
Irakurketa denbora:  Minutu bat

Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetako hogeita bi ikaslek euskara-ikastaro trinko batean parte hartu dute abuztu honetan, Amorebieta-Etxanoko Aurten Bai barnetegian.

Programa hau Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko unibertsitate-sarearen parte da, euskara eta euskal kultura aztertzera bideratua.

Taldeak hamabi herrialdetako ikasleak bildu ditu. Bost Poloniatik datoz, lau Estatu Batuetatik, lau Alemaniatik eta lau Estatutik — hiru Bartzelonatik eta bat Madrildik —. Gainerako ikasleak Finlandiako, Frantziako, Italiako, Txileko eta Uruguaikoak dira, herrialde bakoitzeko bat.

38 ikasle guztira uda honetan

Txanda honen aurretik, beste 16 ikaslek lehen ikastaro trinkoa egin zuten uztailean. Guztira, 38 ikaslek hartu dute parte uda honetan Etxepare Euskal Institutuak Aurten Bai Fundazioarekin batera antolatutako ikastaroetan.

Guztira, 38 ikaslek hartu dute parte uda honetan Etxepare Euskal Institutuak Aurten Bai Fundazioarekin batera antolatutako ikastaroetan.

2012tik euskara ikasteko bekak

Etxepare Euskal Institutuak horrelako egonaldietarako bekak ematen ditu 2012az geroztik, Aurten Bai Fundazioarekin sinatutako hitzarmenaren baitan. Ikastaro hauek ikasturtean zehar ikasitakoa indartzeko eta euskarazko ezagutzetan sakontzeko aukera ematen diete ikasleei.

Egonaldiek jatorrizko unibertsitateetan jasotako prestakuntza osatzen dute, eta hizkuntza murgiltze-giro batean praktikan jartzeko aukera ematen dute. Etxeparek euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntza bultzatzen du mundu osoko unibertsitateetan, atzerrian euskal ikasketak ikusarazteko.

2024-2025 ikasturtean, 19 herrialdetako 35 unibertsitatetan eman ziren euskara eta euskal kulturako irakasgaiak, eta 1.300 ikasle baino gehiago matrikulatu ziren.