HIGA, Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketa

Gasteizek HIGA topaketaren laugarren edizioa hartuko du uztailaren 17tik 21ra bitartean

Uda honetan Gasteizek Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen HIGA topaketaren laugarren edizioa hartuko du. Zehazki, uztailaren 17tik 21era bitartean, mundu osoko 75 gazte elkartuko dira hainbat gaien inguruan hitz egiteko: aktibismo linguistikoa; intersekzionalitatea eta hizkuntzen biziberritzeak bestelako aldarrikapenekin komunean izan ditzakeen puntuak; teknologia berriak…

Bost egunetan zehar hitzaldiak eta tailerrak izango dira goizeko saioetan. Arratsaldeetan, berriz, parte-hartzaileek harremanak eraikitzeko jarduerak burutuko dituzte. Gauetan, gainera, proposamen kulturalez eta artistikoez gozatzeko aukera izango da.

Topaketan parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Horretarako esteka honetan den inprimakia osatu eta bidali behar da. Izena emateko epea datorren apirilaren 16an amaituko da.

Berritasunak

Aurtengo programazioan zenbait berritasun izango direla iragarri da. Alde batetik, film labur interaktibo sorta bat biltzen dituen Higa Plaza sortu da. Gainera, UNESCOk HIGA topaketa aukeratu du Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkadako ekitaldi ofizial gisa.

HIGA topaketa 2011. urtean jarri zen martxan Gasteizko Udaleko Euskara eta Gazteria Zerbitzuen eskutik. Gaur egun hainbat erakunderen parte-hartzea du, hala nola, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskarabidea, Badalab, Euskaltzaindia, UPV/EHU, Soziolinguistika Klusterra, Rise Up, Garabide, YEN/JEV, NPLD, Global Voices eta Etxepare Euskal Institutua.