Euskarazko eduki digitalen sorkuntza sustatzeko bi proiektu

Asmoz Fundazioak eta Ikasplay-ek Eustoker eta Gamer Kazetari izeneko bi egitasmo jarri dituzte abian gazteen artean euskarazko sorkuntza bultzatzeko

Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak eta Ikasplay-ek gazteei eduki digitalak euskaraz sortzeko baliabideak eta ideiak eskaintzea helburu duten bi proiektu jarri dituzte martxan: Eustoker eta Gamer Kazetari.

Eustoker proiektuaren xedea da Tik Tok, Instagram edo YouTube bezalako sare sozialetan gazteei euskarazko ikus-entzunezkoak gauzatzeko baliabideak eta gakoak eskaintzea. Aipatu sare sozialetan ‘Eustoker’ izeneko kontua eratu da eta horietako bakoitzean sare sozial bakoitzari egokitutako bideo tutorialak aurki daitezke. Tutorial horiek eustoker.ikasplay.com webgunean ere ikus daitezke. Gainera, #eustoker traola erabiliz, norberak euskaraz sortutako bideoak ere partekatu ahal izango dira. Helburua, azken finean, sare sozialetan euskaraz arituko diren gazte eta nerabeen kopurua handitzea da.

Gamer Kazetari egitasmoaren xedea, berriz, gazteak bideo-jokoen kazetaritza mundura hurbiltzea eta bertako genero ezberdinak lantzeko komunikazio-estrategiak eta gidalerroak ematea da. Kasu honetan ere, bideo-jokoen inguruko kazetaritza-edukiak sortzeko hainbat bideo tutorial prestatu dira. Tutorialak gamerkazetari.asmoz.org webgunean eta Youtuben ikus daitezke.