Droga gutxiago baina joko gehiago

Eusko Jaurlaritzak ‘Euskadi eta Drogak 2010’ txostena aurkeztu berri du. Txosten hori urtean bitan argitaratzen da eta, bertan, euskal gizartearen kontsumo ohiturak aztertzen dira. Lehen begirada batean, ikerketak datu positiboak ematen ditu; izan ere, datuen arabera, ia substantzia guztien kontsumoa jaitsi da. Horrek, jada 2004. urtean hasitako joera berresten du. Hala ere, ikerketa horrek datu negatibo berri bat azalarazi du: gazteen artean gero eta hedatuagoa dagoen joko eta internetekiko menpekotasuna.

Drogak ez. Menpekotasunak bai

Euskal Herria droga menpekotasun kasu ugari izan dituen herrialdea da. Pasa den mendeko 80ko hamarkadan heroinak hainbat gazte eraman zituen eta 90eko hamarkadan gauza bera gertatu bazen ere, gaur egun ia guztiz desagertuta dagoen droga bat da. Heroinak kokainari, haxixari eta bestelako droga sintetikoei eman zien bidea. Alkohola eta tabakoak, legalak diren heinean, bere bidea jarraitu dute. Droga horiek guztiek menpekotasuna sortu dute hainbat pertsonengan, baina, batez ere, gazteen artean.

Aipatu txostenak agerian utzi duenaren arabera, gazteen artean menpekotasun berriak sortu dira, ez droga legal edota ilegalekin erlazionatuta, baina horiek bezain kaltegarri izan daitezkeenak; internetek eta jokoek (bideo-jokoek) sortzen duten menpekotasunaz ari gara, hain zuzen ere.

Gazteek gero eta alkohol gutxiago

Eusko Jaurlaritzaren txostenaren arabera, gazteek duela bi urte baino alkohol gutxiago edaten dute. Euskal gazteriaren artean alkoholaren kontsumoa berean mantendu bada ere, orain, badirudi, pixkanaka beherantz doala. Horrela, gutxiago dira egunero edaten dutenen kopurua, eta ostera, alkoholik edaten ez dutenen kopurua hazi da. Datu horiek guztiak positibotzat jo badaitezke ere, euskal populazioaren % 10ak alkohol gehiegi edaten jarraitzen du (% 17 2004an). Gazteen artean alkoholaren kontsumoan eman den beherakada azpimarragarria da. Horrela, 2004. urtean gehiegi edaten zuten gazteen kopurua % 34 inguruan zegoen bitartean, azken datuen arabera, orain ‘bakarrik’ % 17k gehiegi edaten du.

Gazteen artean alkoholaren kontsumoan eman den beherakada hau azaltzeko, adituek botiloiak gero eta indar gutxiago duela azaltzen dute. Txostenaren aurkezpenean adierazitakoaren arabera, botiloien desagerpenarekin batera, hainbat arazo ere ekiditen ari dira, hala nola, babes gabeko harreman sexualak edota senitartekoen arteko eztabaidak.

Tabakoa

Txostenak tabakoaren inguruan aurkezten dituen datuak, agian, ez dira oso esanguratsuak aurten bertan indarrean jarri den tabakoaren aurkako legea dela eta. Lege horren baitan, urtarrilaren 1etik aurrera aisialdiko leku publikoetan erretzea debekatuta dagoenez, horrek, halabeharrez, eragin zuzena izango du erretzaileen ohituretan.

Txostenaren arabera, 2010eko datuetan oinarrituta, tabakoaren kontsumoa mantendu egin da. Datu positibotzat jo daiteke tabakoa utzi duten pertsonak inoiz baino gehiago direla. Era berean, erretzen jarraitzen dutenek gutxiago egiten dutela onartzen dute, agian, krisiaren eraginez edo.

Haxixa eta bestelako droga ilegalak

Haxixa da droga ilegalen artean gazteriaren artean arrakasta gehien duen droga. Azken datuen arabera sustantzia honen kontsumoa jaitsi bada ere, Euskadi Europaren buruan da droga honen kontsumoaren sailkapenean. Txostenaren arabera, egunero haxixa erretzen dutenen kopurua nabarmenki jaitsi da eta azken hamar urteetan, gutxi gora behera, 60.000 kontsumitzaile gutxiago daude. Hala ere, EAEko populazioaren % 10 baino gehiago haxix kontsumitzailea dela onartzen du.

Gazteriari dagokionez, haxixa egunero erretzen zuten gazteen kopurua % 10,6tik (2008) % 4,4ra jaitsi da (2010). Paradoxikoki, haxix kontsumo tasarik altuenak 35 eta 44 urte bitarteko pertsonetan ematen da.

Haxixarekin batera, bestelako droga ilegalen kontsumoa (kokaina, estasisa, anfetaminak…) murrizten ari da. LSDa izango litzateke droga multzo horretatik kontsumoa mantentzen duen bakarra. Heroinaren desagerpenaren ondoren, droga horiek guztiek arrakasta handia izan bazuten ere, gaur egun, horien kontsumoa askoz ere murritzagoa da; hainbat kasutan % 50 gutxiago. Txostenaren arabera, aipatu droga horiek kontsumitzen dituzten pertsonen kopurua 40.000 inguruan koka daiteke, eta horietatik, % 10ak menpekotasun handia duela esan daiteke.

Eusko Jaurlaritzatik azpimarratu den bezala, droga ilegalen kontsumoa maila sozial baxuetan nabarmenagoa da.

Droga horien kontsumoa ere ez dirudi jende gaztearen artean arrakasta handirik duenik. Txostenaren arabera, droga hauen kontsumitzaileen % 47,4 30 urtetik gorakoak dira. 15 eta 24 urte bitarteko gazteek % 45,6 suposatuko lukete.

Internet eta Bideo-jokoak

Txostenaren aurkezpenean Jesús María Fernández Osasun Sailburuordeak aditzera eman zuen bezala, menpekotasunen izaera soziologikoa urteen poderioz aldatzen da. Horrela, duela 30 urte inguru heroina droga nagusia bazen ere, gaur egun ia guztiz desagertuta dago. Dena den, Sailburuordeak azpimarratu zuen bezala, menpekotasun forma berriak sortzen ari dira, batez ere Informazio eta Komunikazio Teknologiei lotuta: Internet eta bideo-jokoak. Menpekotasun hauek ez daude sustantzia zehatz batera lotuta, baina besteak bezain kaltegarriak izan daitezke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.