Donostiako Euskal Jaiak irailaren 2an, asteazkenean, hasiko dira, Kontxako Banderarako gizonezkoen sailkatze estropadarekin. Egitaraua hamabi egunez luzatuko da, irailaren 13ra arte, eta adin guztietarako kirol-, kultura- zein musika-jarduerak bilduko ditu.
Lehen asteburuan hainbat hitzordu nabarmen bilduko dira. Larunbatean, hilaren 5ean, Konstituzio plazan Sagardo Eguna egingo da 11:00etatik aurrera, Gipuzkoako 31 ekoizleren sagardoarekin. Egun berean, Kantujira Loiola kaletik Parte Zaharrera joango da 12:00etatik aurrera. Arratsaldean, bolo txapelketa jokatuko da Arrobitxulon, eta erromeria herrikoia ere ospatuko da. Igandean, hilaren 6an, Kontxako Banderaren lehen jardunaldia jokatuko da, eta Gaztelu Egunarekin bat egingo du, 1813aren ondoren hiria berreraiki izana gogoratzen duen jai-egunarekin.
Donostiako Euskal Jaien egitaraua hamabi egunez luzatuko da, irailaren 2tik 13ra bitartean, eta adin guztietarako kirol-, kultura- zein musika-jarduerak bilduko ditu
Olatz Yarza lehen alkateordeak egitarauaren aurkezpenean adierazi duenez, “egitarauaren 12 egunetan, Euskal Jaiek era guztietako jarduerak ekarriko dituzte Donostiara, gure sustraiekin konektatzeko eta gure kulturaz, kirolaz eta tradizioez gozatzeko aukera emateko”.
Poesia Orduak omenaldia egingo dio Arizmendiri
Poesia Orduak zikloak musika eta poesia Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretora eramango ditu irailaren 7an eta 8an. María Elena Arizmendi izango da edizio honetako protagonista, euskal kulturaren transmisioan egindako lanagatik. Bestalde, Euskal Jantziak erakusketa San Jeronimo aretoan egongo da ikusgai, irailaren 5etik 12ra bitartean.
Ihes-gela eta Dragoiaren Jaitsiera
Haurrek zinema, ihes-gela bat eta haurrentzako toka-txapelketa izango dituzte aukeran; horrez gain, Dragoiaren Jaitsiera egingo da irailaren 12an Urgulletik. Esku-pilotako finalak hilaren 10ean jokatuko dira, eta Urgulleko Krosak zein igeriketa-zeharkaldiak itxiko dute kirol-egitaraua irailaren 12an. Jaiak igandean amaituko dira, irailaren 13an.






