Lau kide berri Nafarroako Gazteentzako Informazio Sarean

Gazte migrazioan espezializatutako SEI Elkartea gazteak artatzeko 35 espaziok osatzen duten sarera gehitu den azken erakundea da

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Migrazio-dolu prozesuetan eta familia berriz elkartzean espezializatutako SEI Elkarteak bat egin du Nafarroako Gazteentzako Informazio Sarearekin. Aurretik, Deierriko, Baztango eta Lodosako udalek ere bat egin zuten sarearekin. Hortaz, une honetan, 35 dira aipatu sarea osatzen duten erakundeak. Duela gutxira arte, tokiko erakundeek eta gizarte-erakunde bakarrak osatzen zuten sarea: Secretariado Gitano Fundazioa.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak kudeatzen duen gazteentzako informazio sareak 20 informazio-puntu eta 16 bulego ditu. Horri esker, biztanleria gaztearen % 73rengana iristen da beren udalerrietan. Zehazki, sareak honako udalerri hauetan eskaintzen ditu bere zerbitzuak: Aiegi, Allo, Altsasu, Antsoain, Antzin, Aranguren, Azkoien, Beriain, Berriozar, Corella, Iruñea, Lerin, Mélida, Noain, Oteiza, Orkoien, San Adrián. Horiez gain, honako udalerri hauetan informazio bulegoak ere aurki daitezke: Agoitz, Antsoain, Atarrabia, Barañain, Burlata, Castejón, Eguesibar, Lizarra, Tafalla, Tutera, Uharte eta Zizur Nagusia. Iruñean horrelako hiru bulego daude eta beste bat Nafarroako Unibertsitate Publikoan.



Pasa den urtean, Gazteentzako Informazio puntuetan 66.000 arreta baino gehiago eman ziren, hots, 2023an baino % 8,16 gehiago.

Nafarroako Gazteriaren Institutua Europako ERYICA erakundeko kide da, eta gazte-informazioaren eta -aholkularitzaren arloan Europako lankidetza areagotzeko eta hobetzeko lan egiten du. Ildo horretan, joan den maiatzean, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendariorde Carlos Amatriain hautatu zuten haren zuzendaritza-batzordeko kide izateko.