Irakurketa denbora: 2 Minutu
Abuztuaren 31ra bitartean, zabalik izango da ArabaClick argazki-lehiaketaren VII. ediziorako argazkiak jasotzeko epea. Ohi bezala, jasotako argazkiekin erakusketa ezberdinak antolatuko dira udazkenean zehar. Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin, Revelare Kolektiboak –FotoGasteiz Gasteizko Argazkilarien Elkartea– eta Vital Fundazioak antolatzen dute egitasmo hau.
Aurtengo edizioaren gai nagusia ‘Arabako Memoriak’ izango da. Hortaz, parte-hartzaileek aipatu gaia jorratzen duten nahi adina argazki bidali ahal izango dute (gehienez 30 parte-hartzaile bakoitzeko) arabaclick@gmail.com posta elektronikora. Argazkien pisua handiegia balitz, Wetransfer bezalako zerbitzuak ere erabil daitezke.
Ondarearen irudiak izan daitezke -eraikin historikoak, monumentuak, iturriak, garbitegiak, uraskak… -, edo elementu txikiak (armarriak…), paisaiak, mendiak, lorategiak, ibaiak, urtegiak, hezeguneak, hondakinak, ganadua, ibilgailu historikoak, azokak, etab. Era berean, erretratu, argazki dokumental, kontzeptual edo abstraktuaren diziplinak esploratzen dituzten lanak onartuko dira, bai eta artxiboko irudiekin lan egiten dutenak ere, eta digitalki edo artisau gisa esku hartutako argazkiak ere. Oinarriak, osorik, www.arabaclick.com webgunean daude eskuragarri.
Erakusketak udazkenean
Aurtengo edizioak zenbait nobedade garrantzitsu izango ditu. Adibidez, formakuntza-beken kopurua seiraino igoko da era irabazleentzako ordainsariak berean mantenduko dira. Gainera, 30 urtetik beherakoentzako kategoria berezi bat izango da. Bertan parte hartzen duten gazteek Argazkigintzaren Metabertsoa-Jardín Remoton formakuntza-bekak lortzeko aukera izango dute. Aurtengo edizioan izango den beste berritasun garrantzitsu bat ‘Revelare’ saria izango da. Horren bidez, lurraldeko argazkilaritzan arrastoa utzi duen arabar bat aintzatetsiko da.
Irabazleek beren lanak aurkeztuko dituzte urriaren 31n Vital Fundazioa Kulturunean egingo den galan. Aukeratutako argazkiak datorren udazkenean izango dira ikusgai Gasteizko hamar bat erakusketa-gunetan. Ohiko aretoei (Iparralde, Judimendi eta Ibaiondo gizarte-etxeak, Ataria, Amarica eta LABE– Gazte Laborategia), aurten artxibo historikoak, unibertsitatea eta arte eta diseinu eskolak gehitu behar zaizkie
Egitasmo honen laguntzaile nagusiak Arabako Foru Aldundiaren Kultura Saila, Gasteizko Udaleko Kultura, Gazteria eta CEA-IGI arloak eta Vital Fundazioa dira. Horiekin batera badira beste zenbait babesle, hala nola, Sancho El Sabio Fundazioa, Jardín Remoto, FotoGasteiz, IDarte, Izaskun Arrue Kulturgunea edo EHU.








