Zerk kezkatzen ditu gazteak?

Bizitzaren kostua, klima-aldaketa eta osasun mentala dira Z belaunaldiaren eta Millennial-en kezka nagusiak

1982. urtearen eta XX. mendearen azken urteen artean jaiotako gazteak (Millenials) eta ondorengo belaunaldiko gazteak (centennials edo Z belaunaldia) beren etorkizunaz kezkatuta daude. Eta ez da gutxiagorako. Izan ere, azken urteetan gazte horiek pandemia bat eta Europan piztu den gerra bat bizi behar izan dute. Horrek guztiak ziurgabetasun ekonomikoa eta erosteko gaitasuna murriztu duen inflazioaren hazkundea eragin du. Horrekin batera, bizitzaren kostua, osasun mentala eta klimaren inguruko kontzientziazioa funtsezko aldagaiak omen dira bi belaunaldi gazte horientzat.

Baina dena ez da beltz kolorekoa. Arazoak arazo, gazteak zenbait aldaketa positibo ikusten hasi dira. Adibidez, gazte askok lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka hobetzen duen gogobetetze-elementu bat aurkitu dute lan-malgutasunean. Hori da, behintzat, Deloitte aholkularitzak argitaratu berri duen ‘Global 2023 Genz Z & Millennial Survey’ txostenak jasotzen duena.

Kezka nagusiak

Aipatu txostenaren arabera, bi belaunaldi horietako gazteek duten kezka nagusia bizitzaren kostua da. Estatuaren kasuan, millenials gazteen % 45ek aipatu du kezka hori eta Z belaunaldiko gazteen kasuan, % 35ek. Azken horien kasuan, kezkarik handiena da “hilabetez hilabete” bizi behar izatea eta bere gastu guztiak ordaintzeko gaitasunik ez izatea.

Kezka nagusiari dagokionez bi belaunaldi horietako gazteak bat datozela dirudien arren, ez da gauza bera gertatzen ondorengo kezkekin. Millenials-en kasuan, bizitzaren kostuaren ondoren, kezkarik nagusienak klima-aldaketa eta langabezia lirateke. Z belaunaldiko gazteek kezka horiek aipatzen dituzte, baina alderantzizko ordenan. Laugarren kezka nagusian bai egiten dute bat, baina xehetasun batekin. Millenials-ek osasuna eta gaixotasunen prebentzioa aipatzen dute eta centennials-ek, berriz, osasun mentala aipatzen dute. Bosgarren kezka nagusian ere bat egiten dute: delinkuentzia eta segurtasun pertsonala.

Estatuko gazteek emandako erantzunak, hein handi batean, bat egiten dute beste herrialdeetako gazteek emandako erantzunekin. Hortaz, mundu osoko gazteek antzeko kezkak dituztela azpimarra liteke. Edozein kasutan ere, azpimarratzekoa da Espainiako Z belaunaldiko gazteek langabeziarekiko eta osasun mentalarekiko kezka handiagoa azaltzen dutela. Hori, nolabait, logikotzat har daitezke, azken finean, langabezia eta lan-prekaritatea baitira Estatuko gazteria Europako gazteriatik gehien aldentzen duten bi aldagaiak.

Lan-hobekuntzen arloari dagokionez, bi belaunaldietako gazteek uste dute enplegatzaileek aurrerapausoak eman dituztela pandemiaz geroztik. Lanaldi osoko lana zuten zeta belaunaldiaren eta millennials-en herenak adierazi du oso pozik dagoela bere lanarekin 2019ko datuekin alderatuta. Orduan bostetik bat bakarrik agertzen baitzen ados. Hala ere, belaunaldi hauetako gazteek haien enpresek gizartean duten eragin positiboaren inguruan duten pertzepzioa, oraindik ere, mugatua da. Z belaunaldiko gazteen % 19k eta millenials-en % 17k  uste dute beren enpresek ingurumena zaintzen dutela eta % 35ek baino gutxiagok (kasu bietan) diote beren erakundeak eragin positiboa duela gizartean.

Mundu mailan den joerarekin bat egin arren, Estatuko gazteen kasuan ikus daiteke bizitza eta lanaren arteko orekarekin ez daudela guztiz gustura. Enpresei dagokionez, aldiz, ekitatearen, inklusioaren eta aniztasunaren alde esfortzu handiak egiten dituztela diote.

Bizitzaren kostu altua

Datorren urtera begira, Z belaunaldiko 10 gaztetik seik eta millennials-en bi herenek, gutxi gorabehera, beren herrialdeko ekonomiari buruzko ikuspegi ezkorra dute. Pertzepzio horrek, noski, kezka handiak eragiten ditu haien etorkizun profesional zein pertsonalaren inguruan.

Deloittek egin duen inkestaren arabera, bi belaunaldietako gazte gehienek uste dute egungo egoera ekonomikoak zaildu edo ezinezko egingo dituztela soldata-igoerak, maila-igoerak, lan berri bat aurkitzea edo malgutasun handiagoa lortzea beren lan-zereginetan.

Ekonomiaren inguruko kezka horiek  gazteek beren etorkizuneko bizitza pertsonala planifikatzeko duten gaitasunean islatzen dira. Horietako askok azaldu dutenez, zaila edo ia ezinezkoa izango zaie etxe bat erostea edo familia bat izatea ziurgabetasun ekonomikoko baldintzak mantentzen badira. 

Txostenak agerian uzten duenez, bizitzaren kostu altuak bi belaunaldi horietako gazteen kezka nagusia izaten jarraitzen du, klima-aldaketaren eta langabeziaren aurretik. Z belaunaldiko gazteen (% 51)  eta millenials-en gazteen (% 52) erdiak baino gehiagok  diote ‘hilabetez hilabete’ bizi direla. Pasa den urteko datuekin alderatuta ehuneko hori bost puntutan hazi da.

Lanean ematen dituzten ordu kopuruak murriztearekin batera, lanaren eta bizitza pertsonalaren artean oreka hobea lortu nahi duten arren, Zeta (% 46) eta millenials (% 37) askok, haien enplegu nagusietatik aparte, lanaldi partzialeko edo lanaldi osoko lan ordainduak onartu behar izaten dituzte hilaren amaierara iritsi ahal izateko. Bigarren mailako lan horien artean, bereziki, honako hauek nagusitzen dira: Internet bidez produktuak edo zerbitzuak saltzea, janaria banatzeko aldi baterako enpleguak, bidaia partekatuetarako zerbitzuak, sare sozialetako influencer-ak izatea edo bestelako jarduera sortzaileak eta artistikoak.

Txostenak agerian uzten duenez, zenbait gazteentzat diru-iturri izan badaitezke ere, sare sozialek gazteen finantza-antsietatea areagotzen dute. Z belaunaldiko gazteen % 51k eta millenials-en % 43k onartzen dute sare sozialen erabilerak sarritan erosi ezin dituzten gauzak erosteko gogoa sortzen diela.

Lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka

Z belaunaldiko gazteek eta millenials-ek lan esparruan hainbat aurrerapen izan direla onartzen dute, baina, aldi berean, bizitza profesionalaren eta bizitza pertsonalaren arteko malgutasun-maila handiago bat eta oreka sendoago eta osasuntsuago bat bilatzen dituzte.

Lanaldi osoan zein partzialean lan egiten duten gazteek funtsezkoak diren hainbat esparrutan pandemia aurreko garaian baino asebetetze-maila handiagoa azaltzen dute. Ia heren batek dio oso pozik dagoela bizitza pertsonalaren eta profesionalaren arteko orekarekin. Datu hori nabarmen hazi da 2019. urteaz geroztik; orduan, bost gaztetik bakarra azaltzen zen oso pozik. Ildo berean, gazteek asebetetze-maila altuagoa azaltzen dute lan-malgutasunarekiko eta aniztasunaren, ekitatearen eta inklusioaren alde egiten diren esfortzuekiko.

Pandemiak eragin nabarmena izan du gazteek lan munduarekiko duten pertzepzioan. Z belaunaldiaren ia erdiak eta millennials gehienek lana beren nortasunerako funtsezkotzat jotzen jarraitzen duten arren, beren ikuspegia lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko orekaren garrantzira aldatu da. Oreka hori bilakatu da haien lankideengan gehien baloratzen duten ezaugarria eta lan bat aukeratzeko funtsezko irizpide bihurtu da.

Non eta noiz egin behar duten inguruari dagokion malgutasuna gero eta garrantzia handiagoa duen lehentasuna da bi belaunaldietako gazteentzat. Horrela, gero eta gehiago dira lan-eredu hibridoak edo urrunak dituzten gazteak eta hori biziki estimatzen duten onura bat da. Bi taldeek profesionalki aurrera egiteko aukera gehiago ikusi nahi lituzkete lanaldi partzialeko langileen kasuan eta, oro har, lanaldi partzialeko lanen eskaintza handiagoa eta lanaldi osoko langileentzat ordutegi malguagoak izateko aukera ikusi nahiko lukete, hala nola lau eguneko lan-aste trinkoak.

Azken urteetan enpresek egin dituzten aurrerapausoak onartzen dituzten arren, aurrerapen horiek eten egingo direnaren beldur dira bi belaunaldietako gazteak. Ikuspegi ezkor horretan nagusiki bi dira eragiten  

Estresa eta nekea 

Estres iraunkorrak eta akidurak presio handia eragiten dute belaunaldi gazteenetan. Z belaunaldiaren ia erdiak (% 46) eta 10 millennials-etik lauk (% 39) diote estresatuta sentitzen direla denbora gehienean. Estres-maila horiek are nabarmenagoak dira emakumeen, LGBT+ pertsonen, gutxiengo etnikoen eta desgaitasuna duten pertsonen artean.

Estres maila altu horietan laguntzen duten kezka nagusien artean honako hauek lirateke nagusienak: norberaren finantza-egoera, lagunen eta senideen ongizatea, lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka eta gehiegizko lan-kargak.

Gainera, inkestan parte hartu duten gazte askok lanetik deskonektatzeko zailtasun handiak dituztela azaldu dute. Z belaunaldiko gazteen % 23k eta millenials-en % 30ek laneko e-mailak erantzuten dituzte ohiko lan-orduetatik kanpo gutxienez astean bostetan. Lanean izan ohi diren horrelako presioak neke- edo akidura-maila altuagoak eragiten ari dira Deloitte-ren txostenaren arabera.

Sare sozialek ere funtsezko papera dute belaunaldi gazte bi horien ongizatean. Aipatu belaunaldietako gazteen % 40 inguruk bakarrik eta lekuz kanpo sentitzen dela dio. Alde positiboan, azpimarratu beharko litzateke gazteen erdiak baino gehiagok uste duela osasun mentalerako baliabideak lortzeko aukera erraztu egin dela sare sozialei esker eta, askoren ustez, horiek eragin positiboa dute haien bizitzan. Hori, nagusiki, sare horiek lagunekin, familiarekin eta bestelako pertsonekin konektatzeko ematen duten aukeraren ondorioa litzateke.

Beste pertsona batzuk zaindu beharrak ere zuzeneko eragina du gazte horien osasun mentalean. Zeten % 34k eta millenials-en % 39k zaintza-ardurak dituzte egunero edo aldizka: seme-alabak, gurasoak edo bestelako senide adindunak. Gazteen % 40k baino gehiagok dio lan horiek zuzeneko eragina dutela haien osasun mentalean.


Jasangarritasuna eta bizitza-estiloa

Ingurumenarekiko eta gizartearekiko kontzientzia Z belaunaldiko gazteen eta millenials-en erabakiak eta jokabidea moldatzen ari da, bai bizitza profesionalean, bai pertsonalean. Aipatu belaunaldietako gazteek aldaketarako eragile izan nahi dute eta inpaktu positiboa izan nahi dute ingurumenean eta, oro har, gizartean.

Bi belaunaldi horietako hamar gaztetik seik ingurumenarekin lotura duen antsietatea jasan du azken hilabetean eta, gutxi gora behera neurri berean, gazteek muturreko klima-fenomenoak eta suteak estreserako faktoretzat hartzen dituzte. Kezka horiek hartu behar dituzten erabakietan eragiten dute, hala nola, etorkizunari begira egin beharreko planifikazioan , etxean egin beharreko hobekuntzetan eta jaten eta janzten duten horretan.

Ingurumena ardatz

Kezka horien aurrean gazteek modu aktiboan erantzuten dute. Batzuek, adibidez, ibilgailu elektrikoak erostea erabakitzen dute edo guztiz uzten diote autoak erabiltzeari. Askok beren etxeak energetikoki jasangarriak izatea bultzatzen dute eta dieta begetarianoak edo beganoak jarraitzen dituzte. Gainera, moda azkarra alde batera utzi eta bigarren eskuko arroparen aldeko apustua egiten dute. Gutxi batzuek seme-alaba bakarra izatea erabaki dute ingurumenean dugun inpaktua murrizteko.

Klimarekiko kezka horrek zuzeneko eragina du gazteek esparru profesionalean hartzen dituzten erabakietan. Inkestatutako gazteen erdiak baino gehiagok adierazi duenez, enpresa batean lanean hasi aurretik enpresa horrek dituen ingurumen- eta jasangarritasun-politikak aztertzen ditu. Sei gaztetik bat jada beste lan edo sektore batean hasi da klimaren inguruan duen kezkak bultzatuta. Laurden batek etorkizunean horrelako erabakiren bat hartu behar izango duela aurreikusten du.

Inkestatuen hamarretik ia lauk uko egin diote lan-aukerei, kezka etikoak direla eta, eta heren batek baino gehiagok uko egin die beren balioekin lerrokatzen ez diren lan-baldintzei. Beren erakundeetan aldaketa bultzatzeko ahaldundu nahi badute ere, galdetutako seitik bat baino gutxiago sentitzen da erakundearen iraunkortasun-ahaleginetan eragiteko gai.

Z belaunaldiak eta millennials-ek ingurumen-konpromiso handiagoa eskatzen jarraitzen diete beren enplegu-emaileei, eta uste dute funtsezkoa dela langileak prestatzea ekonomia iraunkorrerako trantsiziorako. Z belaunaldiaren erdiak baino gehiagok (% 56) eta millennials-en erdiek (% 50) adierazi dute horretarako formakuntza jasotzen ari direla.