Sexu-harreman bat kaltetu dezaketen konplexuak

Konplexuak gure gorputza gizarteak eredutzat ezarri digun ereduarekin alderatzen dugunean sortzen dira.

Gure itxura fisikoaren inguruan ditugun konplexuek egunerokotasunean eragiten dute eta ondorio negatiboak izan ditzakete gure harreman sozialetan, maitasun harremanetan eta sexu-harremanetan. Konplexuak gure gorputza gizarteak eredutzat ezarri digun ereduarekin alderatzen dugunean sortzen dira. Alderaketa horretatik sortutako konplexuek gure itxura fisikoaren inguruko ikuspegi distortsionatua ematen digute eta horietatik eratortzen dira, besteak beste, pentsamendu irrazionalak, segurtasun falta, konfiantza falta eta autoestimua galtzea.

Horren adibide garbi bat pornografiaren industrian dugu, non edertasuna eta gorputz ‘perfektuak’ aurkezten zaizkigun. Egia da horrelako edukiak kontsumitzen dituzten hainbat pertsonei horrek ez diela inolako eraginik egiten, baina beste batzuek, berriz, pantailan ikusten duten horrekin alderatu behar dute bere burua: zakilaren tamaina, koitoan izan beharreko energia eta iraupena edo emakumeei etengabeko plazera emateko gaitasuna gizonen kasuan, eta bularren tamaina, ipurdiarena, etab. emakumeen kasuan.

Zentzu horretan, gorputzaren itxura, jaiotza-markak edo orbainak eta gainpisua izaten dira konplexuak izateko arrazoi nagusiak. 

Psikologia

Ezaugarri fisikoengatik ez ezik, konplexu horiek aurreko bikotekide batek egindako iruzkin negatiboen ondorio ere izan daitezke. Eta ezin ahaztu abusuen eta indarkeriaren biktimek ere konplexuak izan ditzaketela.

Aipatu aldagai horiez guztiez gain, testuinguru soziokulturalek eta sexua mugatzen duten tabuek ere konplexuak izatera bultzatzen gaituzte. Hor dira, adibidez, gorputz perfektua izan behar dugula errepikatzen duten sare sozialak, ohean oso trebea izateko presioa… Horiek guztiek gainditzen oso zaila den langa bat ezartzen dute eta horiek betetzen ez direnean edo horietatik urrun gaudela ikustean zaila izaten da harreman sexualak osasunez disfrutatzea.

Beti bezala, horrelako arazo baten aurrean komeni da profesional baten laguntza eskatzea. Autoestimua eta gure buruarengan dugun konfiantza lantzea ezinbestekoak izango dira. Azken finean ezer gutxirako balio du gorputz eder bat izateak konfiantzarik ez bada. Kontuan izan behar dugu gorputz perfektuak ez direla existitzen. Guztiok ditugu gure gustuak eta lehentasunak eta, horregatik, garrantzitsuena izango da konplexu horiekin amaitzen, maitasun harremanak sendotzen eta sexu-harreman osasuntsuez gozatzen lagunduko gaituen amodio propioa sustatzea.