Irakurketa denbora: Minutu 1
Rubén Sánchez Bakaikoa gasteiztarrak irabazi du euskarazko literatura sorkuntzarako Ignacio Aldekoa beka. Epaimahaiak Sánchez Bakaikoaren proposamenaren ‘bizitasuna’ azpimarratu du. Irabazleak 8.000 euroko ordainsaria jasoko du eta urte amaierara arte izango du proposatutako ipuin bilduma osatzeko. Lan hori datorren urtean izango den Ignacio Aldekoa Nazioarteko Ipuin Literarioen Jaialdian aurkeztu beharko du.
Sánchez Bakaikoak Arabako bertsolaritzaren historia modernoa jasotzen duen Arabako bertso historia ezberdin bat liburua argitaratu zuen 2006an. 2019an, etakide baten istorioa azaltzen duen Hondarrak nobela argitaratu zuen. Horrez gain, ALEA eta ARGIA bezalako komunikabideetan ere aritu izan da.
Nazioarteko parte-hartze errekorra
Aldi berean, Ignacio Aldekoa Nazioarteko Ipuin Sariaren 54. edizioak parte-hartze historikoa erregistratu du 376 hautagaitzarekin. Aurkeztutako lan gehienak Estatuko beste autonomia erkidegoetatik datoz, baina 20 herrialde ezberdinetako idazleen lanak ere jaso dira: Alemania, Argentina, Brasil, Belgika, Kanada, Txile, Kolonbia, Costa Rica, Kuba, Ekuador, Italia, Mexiko, Nikaragua, Peru, Puerto Rico, Suedia, Uruguai, Estatu Batuak, Venezuela eta Errusia. Aniztasun geografiko horrek euskal idazle Ignacio Aldekoari eskainitako literatur lehiaketarekiko nazioarteko interes gero eta handiagoa islatzen du.








