Ignacio Aldecoa Beka euskarazko sorkuntza sustatzeko

Bigarren edizio honetan bekaren zenbatekoa 2.000 eurotan igo da, 8.000 eurotaraino. Lanak aurkezteko epa apirilaren 8an amaituko da.

Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirola Sailak euskarazko literatura sorkuntzarako Ignacio Aldecoa bekaren aurtengo deialdia egin du. Aurtengoa aipatu bekaren bigarren edizioa da, pasa den urtean, Ignacio Aldecoa Saria beka izatera pasatu baitzen.

Ignacio Aldecoa bekaren xede nagusia da euskarazko literatura ekoizpena sustatzea, bereziki, kontakizunaren eta ipuinaren generoan. Hautagaiek ipuin bakarra aurkeztu ahal izango dute originala, argitaragabea eta jatorriz euskaraz idatzia. Ipuinek 10 eta 25 orrialde artean izan beharko dute. Horrekin batera, proiektu bat aurkeztu beharko dute, bekak irauten duen bitartean ipuin bilduma bat idazteko. Liburuak zer beste ipuin izango lituzkeen jaso behar du proiektuak, bai eta izenburua eta edukiaren behin-behineko azalpena ere, eta beharrezkotzat jotzen diren ezaugarriak zehaztu behar ditu, hala nola argumentua, egitura, luzera, estiloa eta abar.

Beka honen zenbatekoa handitu egin da aurten, 8.000 eurora iritsiz, hau da, 2.000 euroko igoera aurreko edizioarekin alderatuta.

Lanak aurkezteko epea 2024ko apirilaren 8an amaituko da.