Euskarazko Ignacio Aldecoa Saria sorkuntzarako beka bat izango da

Beka berriaren xedea da euskarazko literatura sorkuntza sustatzea ipuinen modalitatean eta 8.000 euroko zuzkidura izango du.

Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak ipuinen Ignacio Aldecoa eta poesiaren Ernestina de Champourcin literatura lehiaketen edizio berri bat jarri du martxan. Aurtengo edizioak berritasun garrantzitsu bat izango du, izan ere, Ignacio Aldecoa Saria sorkuntzarako beka bat izango da. Berritasun horren xede nagusia da euskarazko literatura sorkuntza sustatzea. Aldi berean, lehiaketa indartu nahi da, gaztelaniazko modalitatean egin zen moduan, baina kasu honetan formatu ezberdin batekin.

Ignacio Aldecoa beka

Sorkuntzarako beka berrian 16 urtetik gorakoek eman ahal dute izena. Parte hartzeko baldintzak honako hauek dira: jatorrizko ipuin bat aurkeztea, argitaratu gabea eta jatorriz euskaraz idatzia, 10 eta 25 orrialde artekoa, saririk jaso gabea eta literatura sortzeko bekaren bat jaso gabe idatzia. Lanak aurkezteko epea datorren apirilaren 9an amaituko da. Lehiaketaren oinarriak datorren martxoaren 17an emango dira ezagutzera.

Gainera, ipuin bilduma baten proiektua ere aurkeztu beharko da eta egitasmo horretatik aterako litzatekeen liburuan beste zein ipuin sartuko liratekeen azaldu beharko da. Liburuaren izenburua eta behin behineko deskribapena ere aurkeztu beharko da, baita beharrezkoa ikusten den bestelako informazio gehigarria ere.

Irabazleak 8.000 euroko saria jasoko du, aurreko edizioan baino 2.000 euro gehiago. Sarituak abenduaren 20ra arte izango du ipuin bilduma aurkezteko epea.

Ernestina de Champourcin saria

Aurtengoa Ernestina de Champourcin poesia lehiaketaren 33. edizioa izango da. Lanak euskaraz zein gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira. Lehiakideek 500 eta 700 bertso arteko poema bilduma bat aurkeztu beharko dute, eta kategoria bakoitzeko onena aukeratuko da. Modalitate bakoitzeko irabazleak 2.000 euroko saria jasoko du. Kasu honetan, lanak aurkezteko epea datorren uztailaren 10ean amaituko da.