15 urteko lanaren ostean UPV/EHUko Euskara Institutuak ‘Egungo Euskararen Hiztegia’ (EEH) aurkeztu du. 70.000 sarrera baino gehiagorekin eta 250.000 adiera eta milioi erdi adibide baino gehiagorekin, euskara modernoa jasotzen duen hiztegirik zabalena da. Hiztegia online kontsulta daiteke; izan ere, paperean argitaratuko balitz 16.000 orrialde eta 30 liburuki inguru beharko lirateke.
Ibon Sarasola hizkuntzalariak zuzendu duen egitasmoa hizkuntzaren erabilera errealean oinarritzen da. Horretarako, 2000-2006 urte bitartean argitaratutako 25 milioi testu-hitzez osatutako EHUko Euskara Institutuaren ‘Ereduzko Prosa Gaur’ corpusean oinarritu da.
Hiztegirik handiena
Hiztegi berriak 70.751 sarrera ditu eta sarrera eta adiera kopurua 251.153koa da. 529.227 adibide jasotzen ditu eta hitz multzoen kopurua 663.172koa da. Hiztegian diren sarrera guztietan testuingurua eta iturburua aipatzen dira. Gainera, hitz multzoen maiztasunaren inguruko informazioa ere jasotzen du. Informazio hori oso erabilgarria da hitz jakin bat zein beste hitzekin erabili ohi den jakiteko.
Euskara Institutua
Euskara Institutuaren lana euskararen ikerketan oinarritzen da eta, besteak beste, gramatika, lexikoa, erabilera soziala eta terminologia zientifikoa hartzen ditu. XXI. mendeko euskarari buruzko datu-base zabal eta modernoenak argitaratzen ditu Interneten (gramatikak, corpusak, hiztegiak…). Aipatzekoak dira Sareko Euskal Gramatika, euskarari buruzko lehen gramatika modernoa eta Internet bidez kontsultatu eta etengabe eguneratzen den entziklopedia; corpusak, hau da, euskararen erabileraren benetako adibideak, liburuetan eta egungo prentsan bilduak, eta Egungo Euskararen Hiztegia.
Pello Salaburu, UPV/EHUko Euskal Filologiako katedradun eta errektore ohia, eta Miren Azkarate, UPV/EHUko Euskal Filologiako katedraduna, Euskara Institutuko zuzendariak izan dira Egungo Euskararen Hiztegia egin bitartean.