GNATek Gipuzkoako 9 herritako pantailetara hurbilduko du natura

Martxoaren 23tik 30era bitartean ospatuko den zinema erakustaldiaren hirugarren edizioan 11 lan ikusi ahal izango dira

GNAT-Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldiaren hirugarren edizioa martxoaren 23tik 30era bitartean ospatuko da. Aurtengo edizioan erakustaldia Gipuzkoako bederatzi udalerritan  ospatuko da.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumena departamentuak antolatzen duen GNAT erakustaldiaren xedea da gertuko naturaren kalitatezko dibulgazioa, gizakiok naturarekin dugun harremanetan sakonduz. Erakustaldia naturaren eta gizakion arteko lotura sustatzea helburu duen Gipuzkoa Naturaldia ekintza eta baliabide programaren markoan antolatzen da.

Hirugarren edizioa

Erakustaldiaren lehen edizioa 2021. urtean ospatu zen eta 1.600 ikusle baino gehiago bildu zituen. Iazko edizioak, berriz, 1850 ikusle biltzea lortu zuen. Aurtengo edizioak ikusle gehiago erakartzea espero da, besteak beste, bi egoitza berri izango dituelako: Mutriku eta Ordizia. Bi udalerri horiek Azpeitiarekin, Donostiarekin, Eibarrekin, Errenteriarekin, Oñatirekin, Tolosarekin eta Zumarragarekin egingo dute bat.

Aurtengo edizioaren barruan naturarekin harremana duten 11 film proiektatuko dira: “El leopardo de las nieves”, “We the power”, “Salvar Tenerife”, “Fire of love”, “Aware”, “Con la fuerza del viento”, “Forest for the trees: The tree planters”, “Cuerdas”, “Joy”, “Ganado o desierto” eta “Entre montañas”.

Film horietatik guztietatik antolatzaileek estreinaldi bat eta aurrestreinaldi bat nabarmendu dituzte. Juan Manuel Sotillosek zuzendutako “Con la fuerza de viento” dokumentalak haize lera bat erabiliz Indlandsis izenarekin ezagutzen den Groenlandiako izotz geruza mendebaldetik ekialdera egin den lehen zeharkaldiaren berri ematen du. Nazioarte mailan lur polarretan aditu handia den Ramón Larramendik gidatuta, mila kilometro baino gehiago egin ziren abentura eta esplorazio dosi handiak zituen espe­dizio zientifiko batean.

Francisco Vaquerok zuzendu duen “Ganado o desierto” dokumentalak larreak, lurzoruak, zuhaiztiak eta ura birsortzeko abeltzaintzak duen erabilera erakusten du. Aziendaren maneiu egokia ekosistemak eta landa-ekonomiak lehengoratzeko irtenbide egoki gisa aurkezten da.

Erakustaldiaren saio guztietarako sarrerak doakoak izango dira

Bihotz berdeak

Kutxa Ekogunearen ‘Bihotz berdeak’ programarekin elkarlanean, 12 eta 15 urte bitarteko gazteei zuzendutako saio berezi bat antolatu da. Nerabeek Unai Canelak zuzendu duen  “Entre montañas” filma ikusteko aukera izango dute apirilaren 1ean Tabakaleran. Filmak Pirinioetako herrixka batean pandemiagatik konfinatuta bizi behar duen nerabe baten istorioa azaltzen du.  

Erakustaldiaren batera ‘Klima-aldaketa’ erakusketa ere antolatu da. Erakusketa martxoaren 23an inauguratuko da Donostiako Okendo plazan. Erakusketa honek, hirurogeita hamar irudi zirraragarriren bidez, munduko eremu jakin batzuetako paisaien eta bizitzaren hauskortasuna erakusten du eta horien bidez klima-aldaketak gure planetan duen inpaktua erakutsi nahi du eta egoitza bakoitzaren ohiko bideak erabiliz edo esteka honen bidez eskuratu ahal izango dira.