Irakurketa denbora: Minutu 3
Arriaga Antzokiak emakume batek euskaraz argitaratutako lehen liburuaren irakurketa jarraitua hartuko du ostegun honetan, ekainak 5. Goizeko 8:00etatik 14:00etara, ehunka pertsona txandakatuko dira Bizenta Mogelen 1804ko “Ipui onac” liburua irakurtzeko.
Bilbo Zaharra euskaltegiak urtero antolatzen duen ekitaldia da hau, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin. Arriaga Antzokian bertan egin den aurkezpeneko prentsaurrekoan honako hauek parte hartu dute:
- Bilbo Zaharra euskaltegiko ordezkari Arantza Camarerok
- Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatu Leixuri Arrizabalagak
- Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzi Eider Inunciagak
- Laboral Kutxako ordezkari Álvaro Parrok
- Nerea Ibarzabal bertsolari, idazle eta kazetariak
Ipui Onac
Bizenta Mogelek Esoporen 50 alegia itzuli zituen latinetik euskarara 1804an. Garai horretan ez zen ohikoa emakumeek irakurtzen jakitea, are gutxiago latina ikastea. 22 urte zituela, Mogel euskarazko liburu bat argitaratzen zuen estreinako emakumea bihurtu zen lan honekin. Hori da, hain zuzen ere, Bilbo Zaharra euskaltegiak “Ipui onac” aukeratu izanaren arrazoietako bat, baina, horrez gain, euskal literatura europar literatura klasikoarekin lotzen duen obra ere bada.
Bizenta Mogel Elgezabal (Azkoitia 1782 – Abando 1854) kultur ekintzaile aitzindaria izan zen. Azkoitian jaio bazen ere, Markinan hazi zen eta han bizi izan zen 1817ra arte. “Ipui onac” argitaratzeaz gain, bertso sorta batzuk ere idatzi zituen.
Nerea Ibarzabalek hitza emango dio Bizenta Mogeli ekitaldian. Bizentak bezala, Ibarzabalek Markinan eman zuen gaztaroa. Bi aldiz irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalista ere izan da. 2022an “Bar Gloria” liburu arrakastatsua argitaratu zuen. Bera arduratuko da “Ipui onac” liburuaren lehen lerroak irakurtzeaz, goizeko 08:00etan.
Irakurketa jarraitua
Ibarzabalen ondoren, beste 200 pertsona inguru txandakatuko dira goiz osoan zehar Arriaga Antzokiko hall-ean izango den mikrofonoaren aurrean. Euskal gizartearen esparru guztietako ordezkariek parte hartuko dute: kultur eta gizarte eragileek, ikasle eta irakasleek, eta erakundeetako, elkarteetako eta sindikatuetako ordezkariek.
Zuzeneko irakurketa bideo-proiekzioekin txandakatuko da. Bideo horietan Bilboko ikastetxeetako ikasleak irakurtzen agertuko dira, baita diasporako kideak eta munduan zehar dauden 50 euskal etxeetako euskara ikasleak ere. Horrez gain, beste 50 boluntariok parte hartu dute ekitaldiaren antolaketan.
Ekitaldia zuzenean ikusi ahalko da Arriagako plazan jarritako pantaila erraldoi batean eta EITBren webgunean. Abandoko eta Zazpikaleetako metro geltokietan aurreko edizioetako argazki eta kartelak ere izango dira ikusgai.
XVIII. edizioa
Aurtengoa irakurketa jarraituaren 18. Edizioa izango da. Aurreko edizioetan honako lan hauek irakurri ziren:
“Gero” (Pedro Axular), “Peru Abarca” (Joan Antonio Mogel), “Haur besoetakoa” (Jon Mirande), “Hamaika pauso” (Ramon Saizarbitoria), “Zergatik panpox” (Arantxa Urretabizkaia), “Obabakoak” (Bernardo Atxaga), “Harri eta herri” (Gabriel Aresti), “Narrazio Guztiak” (Joseba Sarrionandia), “Metamorfosia” (Franz Kafka), “%100 Basque” (Itxaro Borda), “Kresala” (Txomin Agirre), “Otto Pette” (Anjel Lertxundi), “Ipuin hautatuak” (Mariasun Landa), “Linguae Vasconum Primitiae” (Beñat Etxepare), “Martutene” (Ramon Saizarbitoria), “Kristalezko begi bat” (Miren Agur Meabe) eta “Bilbao-New York-Bilbao” (Kirmen Uribe).
Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren proiektu honek bi helburu ditu: herritarren artean euskal kultura sustatzea eta prestigioa ematea, eta ikasleek euskara ikasteko egindako ahalegina saritzea. Horregatik irakurketa hau ikasturtearen amaieran egiten da, euskara ikasleen jaiaren testuinguruan.








