‘Kristalezko begi bat’ eleberriaren irakurketa jarraia

Bilboko institutuetako ikasleak, diasporako kideak eta munduko 50 euskal etxetako euskara ikasleak irakurtzen agertzen diren bideoekin tartekatu da irakurketa

Miren Agur Meaberen “Kristalezko begi bat” eleberria protagonista izan da Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Etengabeko Irakurketaren XVI. edizioan. Ekitaldi honek, gainera, euskara ikastegi horren sorreraren 50. urteurrena ospatzeko balio izan du. Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntza duen ekimena Arriaga Antzokian egin da.

Lan horren aukeraketarekin gaur egun euskarazko literaturaren lehen lerroan dauden idazle guztiak omendu nahi dira, baita “ahots eta begirada literario berriak jaso eta klasikoen eta orainaren arteko zubia eraiki ere”.

Idazle lekeitiarrak berak ireki du ekitaldia, lehen lerroak irakurriz. Ondoren, kultura, gizarte, hezkuntza, elkarte eta erakundeetako pertsona ugarik hartu dute parte irakurketa honetan, besteak beste, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, Euskara eta Hezkuntza zinegotzi Koldo Narbaizak eta Bilboko Udaleko alderdi politiko guztietako ordezkariek.

Miren Agur Meabe

Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962) poesia, narratiba eta haur eta gazte literaturako dozenaka lan idatzi ditu. Bere lan batzuk katalanera, gaztelaniara eta galegora itzuli dira. Sari ugari jaso ditu, horien artean Poesia Sari Nazionala (2021) “Nola gorde errautsak kolkoan” liburuarengatik, euskarazko liburu batek sari hori jasotzen duen lehen aldia izanik. 2006tik Euskaltzaindiako kide laguntzailea da.