Arteak Bilboko kaleak hartuko ditu ekainean

Bilboko Kalealdiak nazioarteko hamasei estreinaldi eta emanaldi eskainiko ditu, eta, aldi berean, tokiko konpainien talentuaren aldeko apustu sendoa egingo du

Bilboko Kalealdiak, Kaleko antzerki eta Arteen Jaialdiak bere 24. edizioa izango du ekainaren 19tik 24ra bitartean.  Aurtengo programazioak 69 ikuskizunez gozatzeko aukera emango du. Bertan izango dira 11 euskal konpainia, estatuko 9 eta nazioarteko 14.

Jaialdiak hartuko dituen ekitaldi guztiak hamaika gunetan banatuko dira. Gune nagusia, beste behin, Casilda Iturrizar Parkea izango da. Gainera, parkearen inguruan beste hainbat hainbat agertoki izango dira, urmaeletik gertu (lau gune egongo dira bertan) eta Pergolan beste agertoki bat.

Euskal konpainiek, ekainaren 19tik 24ra, Bilboko agertokiak erabili ahal izango dituzte euren lana ezagutarazteko. Jaialdian Barré, Barsanti, Eva Guerrero, Impulsos, Mala Brigo eta Orain-bi konpainiek parte hartuko dute; eta Estefanía De Paz Asín, Lasala, Jokai, Led Silhouette, Maitane Sarralde, Olatz Gorrotxategi, Panpotx Kultur Elkartea, Piszifaktoria, Toño Valdivieso eta Zanguango Teatroren proposamenak izango dira ere.

Nazioarteko presentzia

Bilboko Kalealdiak nazioarteko presentzia zabala izango du. Sei konpainia iritsiko dira Bilbora Frantziatik, Adhok, Bivouac Cie., Dyptik, Cirque Hirsute, Lazuz eta Le G. Bistaki konpainiekin; Belgikatik, 15Feet6 eta Circus Katoen; Coração Nas Mãos eta Teatro Do Mar Portugaldik datoz; eta Duo Kaos Italiatik. Zerrenda honetan Toy Toy Toy japoniarrak daude, Naoto Okada eta Rei Iwakura artista japoniarrek osatutako yo-yo munduko txapeldun bikotea. Fernando Leija Flores Teatro Danza konpainia mexikarrarekin ere parte hartuko du, Europan arituko den bigarren aldia izango dena.

Dekru ukrainarrek ere parte hartuko dute Jaialdian, 2022an euren presentzia atzeratu behar izan baitzuten beren herrialdeko gerraren ondorioz. Aurten, “Anime Leggere” Bizkaiko hiriburua partekatuko dute, mimo dotore, dibertigarri eta oso gogoangarriko proposamena, oso iradokitzaileak diren margolanez osatua eta umore sotilarekin.