Bueltan da Korner, kultura eta futbolaren jaialdia

Óscar Terolek hasiera emango dio aurtengo edizioari Antzoki Zaharrean eskainiko duen bakarrizketa ikuskizun batekin

Futbola kirol bat baino zerbait gehiago da; aspalditik, kirol-jardueratik haratago doan  gizarte-fenomeno bat da. Kultura eta futbola uztartzen dituen Korner jaialdiak bere seigarren edizioa egingo du, ekainaren 10etik 17ra bitartean, Donostian. Aurreko edizioetan bezala, jaialdiak futbolaren eta kulturaren artean gero eta ohikoagoak diren loturak eta harremanak azalduko ditu.

Donostia Kulturaren laguntzarekin Real Sociedad Fundazioak antolatzen duen jaialdi paregabe honek hainbat diziplina artistiko eta kulturalen eta futbolaren arteko harremanak aztertzea proposatzen du. Horrela, egitarauaren barruan, hitzaldiak, proposamen eszenikoak, proiekzioak eta erakusketak eta jolas-jarduerak programatu dira.

Sormena

Korner jaialdiaren beste helburuetako bat sormena sustatzea da. Jaialdia ekainaren 10ean hasiko da Donostiako Antzoki Zaharrean Óscar Terol umoristak berariaz hitzordu honetarako sortutako bakarrizketa ikuskizun batekin: ‘Apercibidos’. Terolekin batera Maribel Salas, Sergio Arrospide eta El Pirata musikaria izango dira. Ekitaldia umorea abiapuntutzat hartuta futboleko hainbat alderdi aztertzen dituen ‘Monologoles’ atal arrakastatsuaren barruan garatuko da. Kasu honetan, Terolek berak azaldu duenez, hiru bakarrizketa izango dira eta Errealeko zale izateak ekartzen dituen sufrimenduetan ardaztuko dira.

Sarrerak 18 euroren truke eros daitezke Donostia Kulturako txartel-lehiatilatan edo www.donostiakultura.eus eta www.korner.eus webgunetan.