Gazte-txartela duten gazteek txartel fisikoa bere sakelako telefonoetan ‘sartu’ eta formatu digitalean erabili ahal izango dute. Hortaz, hemendik aurrera ez da , orain arte bezala, plastikozko txartela aurkeztu behar izango Gazte-txartelak eskaintzen dituen abantailez gozatzeko.
Eusko Jaurlaritzak garatu duen NIK Patrika aplikazio mugikorra txartel-zorro birtuala da eta formatu digitalean hainbat txartel eta egiaztagiri gordetzeko aukera ematen du.
Gazte-txartela
Gazte-txartelarekin egin den moduan, hurrengo hilabeteetan beste txartel batzuk ere digitalizatu egingo dira, hala nola, Osasun Identifikazioko Txartel Digitala, irakasle funtzionarioen txartela eta euskal liburutegien sare publikoko txartela. Donostia, Santurtzi eta Abadiñoko udal kiroldegietara sartzeko identifikazio txartelak ere NIK txartel-zorroan gorde daitezke.
Txartel digital berriarekin, eta plastikozko txartel fisikoarekin ez bezala, iraungitze kontrola automatikoa izango da. Hortaz, txartel digital berria berritzeko ez da berariazko eskaera egin behar. Horrek erabiltzaileei eskaintzan diren zerbitzuak hobeto kudeatzeko aukera emango die.
Gazte-txartela berriak, gainera, segurtasun-neurri zorrotzak jarraitzen ditu, gailua nortasun sendo batekin lotuta baitago. Modu horretan informazio faltsutua edo legez kanpokoa erabiltzeko aukera ekiditen da. Erabiltzaileari telefono mugikorra lapurtzen badiote lapurrek ezin izango dute txartel-zorrora sartu horretarako sarbidea kode edo hatz-marka digital baten bidez egin behar baita edo, gailu aurreratuenetan, aurpegiaren azterketa biometrikoaren bidez.