Noemí Pereda: “Adingabeei egiten zaizkien sexu-abusuek, sexuarekin baino boterearen abusuarekin dute harremana”

Azken urteetan gero eta gehiago dira ezagutzera ematen ari diren adingabeei egindako sexu-abusuen kasuak. Fenomeno berri baten aurrean gaude, ala historikoki eman den zerbait da, baina ez zen islatzen, adibidez, komunikabideetan?

Sexu-abusuak beti egon dira. Egia da duela zenbait urte arte abusu horiek askoz ezkutuago zeudela. Gure inguruan gertatzen ari dena ikusita, bai Europan, bai Estatu Batuetan, orain sentsibilizazio sozial handiagoa dagoela suposa dezakegu eta horri esker, salaketen kopurua ere handitu egin da. Haurren sexu-abusu kasuek hedabideetan presentzia handiagoa izateak ez du esan nahi orain kasu gehiago ematen ari direnik; salaketa gehiago daudela eta kasu gehiago ateratzen direla argitara ulertu behar dugu.

Zein da sexu-abusuaren eta sexu-biktimizazioaren artean den aldea? 

Laguntza klinikoaren esparruan, hau da, psikologoen, medikuen, hezitzaileen edo gizarte langileen esparruan, sexu-abusuaz hitz egiteko joera dago. Arazoa esparru juridikora iristen garenean sortzen da, esparru horretan terminologia askoz garrantzitsuagoa delako. Esparru juridikoan, sexu-abusua delitu espezifiko mota bat da non erasotzaileak ez duen indarkeria edo larderia erabiltzen. Haurren sexu-biktimizazio kasu gehienetan, erasotzaileak ez ditu bi elementu horien beharrik izaten, eta, beraz, kasu horietan zuzena litzateke sexu-abusuaz hitz egitea. Dena den, posible da, halaber, sexu-biktimizazioko zenbait kasutan bi elementu horiek agertzea, eta, orduan, abusuari buruz baino gehiago, beste delitu mota batzuei buruz hitz egin beharko litzateke. Kasu horiek guztiak biltzeko, sexu-biktimizazioa terminoa erabiltzen da, eta horrek, aldi berean, sexu-abusua jasotzen du.

Zein nolako aldagaik eragiten dute sexu-biktimizazioan? Hots, zenbait adingabek horrelako abusuak pairatzeko arrisku gehiago dituzte?

Sexu-abusuen kasuan, beste zenbait tratu txar moduetan ez bezala, ez da aldagai erabakigarrien inguruan hitz egin. Haurren edo adingabeen sexu-biktimizazio kasuetan, logikoki, nahikoa da haur bat eta erasotzaile bat egotea. Azken hori, normalean, biktima den haurraren konfiantzazko ingurukoa edo familiakoa izaten da. Hala ere, egia da komunikazioa eskasa den familietan horrelako abusuetarako arriskua handiagoa izaten dela, adibidez, sexualitatearen inguruan hitz egiten ez den familietan. Arreta faltak ere eragina izan dezake; haur batek hainbat orduz bakarrik egoten bada horrek erasotzaileari berarengana hurbiltzeko aukera emango dio.

Dena den, esan dudan bezala, ez dago aldagai erabakigarririk eta edozein maila ekonomikoko familietan eman daitezke horrelako abusuak. 

Azaldu duzun moduan, sexu-biktimizazio kasu gehienetan erasotzailea adingabearen konfiantzazko pertsona bat izaten da, hainbat kasutan, familia berekoa. Beraz, oso eremu pribatuan ematen den delituaz ari gara. Zein neurriraino oztopatzen du horrek abusu horien hautematea? 

Familian gertatzen dena familian gelditzen da, eta are gehiago gurea bezalako gizarte batean (trapu zikinak etxean garbitzen dira). Sexu-biktimizazio kasu gehienetan ‘familiaren paradoxa’ izenarekin ezagutzen dena ematen da; hau da, adingabearen babesgune izan beharko lukeen esparrua esparrurik arriskutsuena bilakatzen da. Erasotzailea adingabearekin duen konfiantzazko harremanaz baliatzen da abusua egiteko, sekretua mantentzeko eta, adingabeak hitz egiten badu ere; askotan, familia-inguruneak berak estaliko du kasua. Izan ere, haur edo nerabe batek familiaren barruan horrelako abusu bat salatzen badu arriskuan jartzen du instituzio hori. Errazagoa da haurra edo nerabea ez sinestea esaten duena sinestea baino. Sinesten ez bada, familiak aurrera egingo du ordura arte bezala; ostera, salaketa aintzat hartzen bada, familia horretan ezinbestekoa izango da berregituraketa bat egitea.

Hori ez da soilik familian gertatzen den zerbait. Eskema bera errepikatzen da, adibidez, ikastetxeetan, kirol elkarteetan edo elizan. Instituzio guztiek auto-babeserako joera dute; taldea norbanakoaren gainetik dago. Zorionez, hori ez da beti horrela, baina joera nagusia instituzioa babestea edo zaintzea da.

Hainbat kasutan aita bera izaten da bere seme-alabaren bati abusua egiten diona. Zein da amaren papera kasu horietan? Abusu horien berri izaten dute ala, diozun bezala, familia babesteagatik nahiago dute beste alde batera begiratzea?

Amen papera funtsezkoa da, baina zoritxarrez, kasu biak ematen dira. Posible da zenbait kasutan, arreta edo komunikazio falta dela eta abusuen berri ez izatea. Baina, aldi berean, posible da horien berri izatea eta nahiago izatea beste alde batera begiratzea. Edozein kasutan, horrelako esperientziak oso traumatikoak izan daitezke emakume horientzat eta erru sentimendua ere gara dezakete euren seme-alabei abusuak egiteko gai den gizon bat bikotekide bezala aukeratzeagatik. Esparru horretan lan handia egin behar da emakumeekin, amaren papera ezinbestekoa delako.

Hautematen diren, jakinarazten diren eta epaitegietara iristen diren kasuen artean alde edo arraila nabaria dago. Zer dela eta alde hori?

Hasteko, kontuan izan behar dugu adingabeen sexu-biktimizazio kasuak hautematea oso zaila dela, nagusiki, adingabeak edo haurrak tartean daudelako eta  oso eremu pribatuan ematen ohi direlako. Hautematen diren kasu guztiak ez dira jakinarazten, azaldu dudan moduan, zenbait kasutan gurasoek edo bestelako eragileek nahiago dutelako prozesuarekin ez jarraitzea instituzioa ez kaltetze arren. Eta azkenik, bada azken oztopo bat; prozesuarekin aurrera jarraitzea erabakitzen denean zaila izaten da judizialki ibilbide luzea izatea, besteak beste, adingabeak tartean daudelako.

Adingabeen sexu-biktimizazioaren kasuan, adituok ‘kopuru beltzaz’ hitz egiten dugu, hau da, ezkutuan geratzen diren kasu horietaz guztietaz. 

Haurtzaroan jasandako sexu-abusuen % 2 eta % 10 inguru bakarrik azaleratzen dira. Gainera, haurren aurkako sexu-abusu kasuen % 90 ez dira ahozko epaiketara iristen.

Horrelako kasuren bat hautematen denean, nor izaten da horren berri ematen duena?

Normalean familiako kideren bat izaten da abusu horien berri ematen duena. Horrelako abusuak pairatzen dituzten adingabeek, norbaiti esatekotan, gertuko norbaiti esango diote. Haurren kasuan, gertuko pertsona helduak senideak izaten dira eta zenbait kasutan, ikastetxeko konfiantzazko irakasleren bat. Behin kasua antzeman denean gizarte-zerbitzuak sartu beharko lirateke tartean kasuaren ebaluazioa egiteko.

Nola jakin ahal dugu adingabe bat sexu-abusuak jasaten ari dela? Ba al dira horren berri eman dezaketen seinalerik?

Oso adin txikiko haurren kasuan normalean aldaketa nabarmena izaten da haien jokabidean: lehen gustuko zuten eskolara joatea eta orain ez; argia itzalita egiten zuten lo eta orain argia piztuta uztea eskatzen dute. Zergatik? Horrelako egoera baten berri badugu, gutxienez arreta eskaini beharko genioke. Garbi dago jokabide aldaketa hori beste hainbat konturen ondorio izan daitekeela (gurasoen arteko liskarrak, gertuko senide baten gaixotasuna…) Baina, badaezpada komenigarria litzateke ezer ez baztertzea edo alde batera uztea. Jokabide aldaketa hori gainera, adin horretarako egokia ez den jokabide sexual batekin ematen bada, arreta biderkatzeko beste seinale bat izango dugu. Baina aipatu ditudan elementu horien guztien gainetik tristura aurkituko dugu; sexu-abusuak pairatu dituzten adingabeen artean normala da sintoma depresiboak ikustea.

Eta zer esan ahal duzu erasotzaileen inguruan?

Ez dago horrelako erasotzaileen profil garbia. Badira eragina izan dezaketen zenbait nortasun ezaugarri, adibidez, enpatia falta, narzisismoa… Jende askok kontrakoa pentsa badezake ere, erasotzaile horiek ez dute osasun mentaleko arazo bat. Imaginario kolektiboan guztiok ulertzen dugu zure seme-alabaz abusatzea gaizki dagoela, baina horrelako zerbait egiteak ez du, derrigorrez, pertsona horrek nahasmendu bat duenik adierazi behar.

Haur batekiko erakarpen sexuala izatea ez da normala… 

Kontua da sexu-abusua eta, oro har, edozein sexu-indarkeria mota, sexuarekin baino boterearen abusuarekin duela harremana. Pertsona zaurgarri bat kontrolatzeko ahalmena edo gaitasuna izateak botere handia ematen du. Arazo horren dimentsioa ikusteko desgaitasunen bat duten haurren artean abusu-tasa handiagoa dela ulertu behar da. Horrelako abusuen oinarrian ez dugu erakarpen sexuala aurkituko, botere kontu bat da; besteak kontrolatzeko desioa. Emakume helduen bortxaketetan ere antzeko zerbait ematen da. Erasotzaileek ez dute sexualki erakargarrien diren emakumeak bilatzen; bortxaketa batean garrantzitsuena ez da emakumearen itxura fisikoa; plazera emakume horren menperatzean datza. Kasu bietan; hots, haurren sexu-abusuetan eta emakume helduen bortxaketetan sexua bitartekoa da eta helburua boterearen abusua da.

Biktima izan diren adingabeek etorkizunean erasotzaile izateko aukera gehiago dituzte?

Arrisku-faktore bat da. Horregatik, hori ekiditeko, adingabe horiekin lan egin behar da. Esperientzia negatibo hori euren bizitzan ahalik eta modurik egokienean barneratzen irakatsi behar zaie.

Zein nolako ondorioak izaten dituzten haur eta gazte horiek heldutasunera iristen direnean?

Normalean depresioak izaten dituzte eta esparru sexual-afektiboan ere nahasmenduak izan ditzakete. Sexualitateari dagokionez bizitza normala izan dezakete, baina afektibitatea erakusteko zailtasun gehiago izango dituzte. Kasu gehienetan sexua eta afektibitatea banatzen dute, ez dituzte batera ulertzen; hots, sexua eta afektibotasuna ez dira osagarriak eta bereiztu egiten dituzte.

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.