Irakurketa denbora: 2 Minutu
Nola eragiten du hizkuntza inklusiboaren erabilerak gure jokabidean? Hori da, hain zuzen ere, Laura Vela-Plo, Marina Ortega-Andrés eta Marta De Pedis ikertzaileek aztertu dutena. Emaitzak “Hizkuntza aldaketa sozialerako tresna: Hizkuntza inklusiboaren erabileraren ondorio batzuen azterketa teorikoa eta enpirikoa” izenburuko txostenean bildu dute. Azterlana Emakundek emandako beka bati esker gauzatu da.
Ikertzaileak gaztelanian eta euskaran oinarritu dira azterlan hau burutzeko. Orain arte, gutxi dira bi hizkuntza horien inguruan egin diren ikerketak, egileek azaldu duten moduan, “gai horren inguruan egindako ikerketa gehienak ingelesean edo alemanieran oinarritu baitira”. Euskararen kasua, gainera, eta beste hainbat hizkuntzarekin alderatuta, berezia da, genero gramatikalik gabeko hizkuntza delako. Horregatik, askok uste dute euskarak ez duela hizkuntzaren erabilera sexistarik sortzen, baina egileek azaldu dutenez, “hori ez da guztiz egia”
Hizkuntza inklusiboa
Azterlanak hiru ikasketa esperimental egin ditu, bi gaztelaniaz eta bat euskaraz. Lehenengo biak EHUko ikasleekin eta biztanleria orokorrarekin egin dira. Euskarazkoa, berriz, EHUko ikasleekin bakarrik.
Gaztelania ardatz izan duten bi ikasketetan jasotako emaitzetan oinarrituta ondoriozta daitekeenez, hizkuntza inklusiboaren erabilerak murriztu egiten du munduaren begirada soilik maskulinoa. Hala ere, inkestatutako herritarren artean erresistentziak azaldu dira. Batzuen ustez, ez da erraza hizkuntza inklusiboa erabiltzea; beste batzuen ustez, berriz, hizkuntza inklusiboarena baino arazo larriagoak daude. Aldi berean, baina, inkestatutako batek ere ez du uste hizkuntza inklusiboko estrategiak erabiltzea alferrikakoa edo barregarria denik.
Euskara ardatz izan duen taldean, berriz, gehienek egokitzat joko lukete emakumeak esplizituki aipatzen dituen hizkuntza inklusiboko estrategia bat, nahiz eta onartzen duten ez dutela ezagutzen euskara modu inklusiboagoan erabiltzeko estrategiarik.
Ikerketan hizkuntza inklusiboaren erabilera baztertzeko erabili ohi diren aitzakiak ere aztertu dira. Horien artean daude, adibidez, hizkuntzaren ekonomia, anbiguotasun faltsua edo genero gramatikal eta sozialaren arteko nahasmena. Ikertzaileek egiaztatu ahal izan dutenez, aitzakia horiek guztiak baliogabeak dira.
Askok euskara genero gramatikalik gabeko hizkuntza izanik hizkuntzaren erabilera sexistarik sortzen ez duela uste duten arren, ikerketak hori ez dela guztiz egia ondorioztatu du.
Halaber, ondorioztatzen dute faktore sozial eta demografiko garrantzitsuek erakusten dutela hizkuntzak portaeran eragina duela. Adibidez, egiaztatu da lanpostu baten deskribapenean erabiltzen den gramatika-generoak enplegua nork lortuko duen aurreikusteko aukera ematen duela, eta desberdin egiten duela gizonen eta emakumeen kasuan.
“Azterketa honek hizkuntzaren garrantziaz hausnartzeko aukera ematen digu, baita hizkuntza inklusiboaren erabilerak gure portaeretan nola eragiten duen hausnartzeko ere, eta ikusten dugu gizartearen ikuspegi berdinzaleagoa izaten laguntzen digula, edo, gutxienez, lehendik dauden genero-ezberdintasunak ez areagotzen”, nabarmendu du Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak azterlanaren aurkezpenean.









