Aurtengo lehen seihilekoan Euskadin salatu diren delituen % 25 inguru teknologia berrien bidez egin dira. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoan 12.878 ziberdelitu egin dira, aurreko urteko aldi berean baino % 31 gehiago.
Interneten eta teknologia berrien erabilerak erakar ditzakeen mehatxuei modu integralean eta transbertsalean aurre egin ahal izateko Cyberzaintza eratu da, Zibersegurtasunaren Euskal Agentzia berria.
Agentzia berriaren egoitza Arabako Teknologia Parkean egongo da, gaur egun Basque Cybersecurity Centre dagoen leku berean, hain zuzen ere. Azken horrek bere langileak eta baliabideak lagako ditu egitasmo berrirako.
Lan-esparruak
Cyberzaintzaren gobernu-organoa Eusko Jaurlaritzaren, foru-aldundien, EUDELen (Euskadiko Udalen Elkartea) eta hiru hiriburuetako udalen ordezkariek osatzen dute. Agentzia berriak nagusiki, hiru lan-esparru jorratuko ditu:
- Ziberdelinkuentzia: Ertzaintzarekin koordinatuta, Cyberzaintza Euskadiko segurtasun publikoa mantentzeaz arduratuko da, ziberkrimenari aurre eginez eta herrialdeko azpiegitura kritiko eta nabarmenak babestuz.
- Azpiegitura eta datu publikoen babesa: Cyberzaintzak euskal sektore publikoaren azpiegitura digitalen funtzionamendu egokia bermatuko du eta horiek babesteaz arduratuko da.
- Enpresa egituren eta datuen babesa: Eusko Jaurlaritzako ekonomia sustatzeko taldearekin lankidetzan, ingurune seguruagoen eta erresilienteagoen enpresa-kultura sustatuko du eremu zibernetikoan, euskal gizartearen garapen iraunkorra bultzatzeko.
Agentziaren eginkizun nagusien artean daude zibergeratkariak eta zibererasoak ikertzea eta aztertzea; zerbitzu publiko kritikoak identifikatzea eta babestea; larrialdiei erantzuteko eta segurtasun-gertakarien aurrean erantzuteko eginkizunak betetzea; gizartean zibersegurtasuna sustatzea eta arlo horretan Euskadiko funtsezko enpresa eta sektoreak gaitzea; bai eta euskal administrazio publiko guztientzat zibersegurtasun-estrategia komuna koordinatzea ere.
Ziberdelinkuentzia Euskadin
2023ko lehen seihilekoan, Euskadin salatutako lau delitutik bat teknologia berrien bidez egin da. Denbora horretan, zehazki, 12.878 ziberdelitu erregistratu dira, iazko aldi berean baino % 31 gehiago. Horietako gehien-gehienak, orain arte bezala, ziberiruzurrak edo zibermaulak izan dira, ziberdelitu guztien % 89 izan baitira. Erregistratu diren delituak honako hauek izan dira:
- Zibermaulak: 11,508 kasu, 2022ko lehen seihilekoan baino % 30,5 gehiago.
- Ziberfaltsifikazioak: 505 kasu, 2022ko lehen seihilekoan baino % 9 gehiago.
- Zibermehatxuak eta ziberhertsapenak: 390 kasu, 2022ko lehen seihilekoan baino % 8 gehiago.
- Sekretuak aurkitzea eta ezagutaraztea teknologia berrien bidez: 89 kasu, 2022ko lehen seihilekoan baino % 2 gehiago.
- Ziberdelitu sexualak: 36 kasu, 2022ko lehen seihilekoan baino % 71 gehiago.
- Zibererasoak: 44 kasu, 2022ko lehen seihilekoan baino % 144 gehiago.