Etorkizuneko giltza gara!

Historian izan den gazte belaunaldirik handiena gara. Gaur egun, 10-24 urte bitarteko 1.800 milioi pertsona inguru daude. Horietatik % 90 inguru garapen bidean dauden eremuetan bizi dira eta horietan biztanleriaren gehiengo dira. 

Pertsona gazteok gure komunitateen erresilientzian laguntzen dugu, irtenbide berritzaileak proposatuz, aurrerapen soziala sortuz eta aldaketa politikoa inspiratuz. Aldaketa-eragileak ere bagara, Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) aurrerapena mobilizatzen baitugu jendearen bizitzak eta planetaren osasuna hobetzeko.

Gure potentziala garatzeko beharrezkoak diren trebetasun eta aukerez hornitzen bagaituzte, gazteok garapenerako eta bakea eta segurtasuna lortzen laguntzeko indarra izan gaitezke.

2030 Agenda

Hein handi batean, gazteek zuzendutako erakundeek sustatu eta ahaldundu egin behar dituzte 2030 Agendaren tokiko, eskualdeko eta nazioko politika publikoak abian jartzen parte hartzeko. Izan ere, nire ustez, zeregin garrantzitsua dugu 2030 Agenda ezartzeko, monitorizatzeko eta berrikusteko. Konpromiso politikoarekin eta baliabide egokiekin, gazteok munduaren eraldaketa guztiontzako leku hobe bihurtzeko ahalmena dugu.

Hori dela eta, gazteok jakin behar dugu gu garela aldaketa horren protagonista nagusiak, eta zeregin desberdinak ditugula. 

Besteak beste, pentsalari kritikoak gara, gaztea izatearen zati bat esperientzia pertsonalei zentzua ematea da, eta inguruko munduari buruzko galderak egitea. Gazteok botere-egiturak eta aldaketetarako oztopoak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko gaitasuna dugu, baita kontraesanak eta aurreiritziak azaltzekoa ere.

Aldaketa-eragileak ere bagara, jarduteko eta beste batzuk mobilizatzeko ahalmena dugu. Gazte ekintzaileak gero eta gehiago dira munduan, gero eta konektibitate handiagoa dugu sare sozialetarako sarbidearen bidez.

Berrikuntza gure belaunaldiko DNAn daramagu, eta ikuspegi berriak sortzeaz gain, helduek eskura ez dituzten gaiak zuzenean ezagutzen eta ulertzen ditugu maiz. Gazteok hobeto ulertzen ditugu haiek aurre egin behar dieten arazoak, eta, beraz, ideia eta irtenbide alternatibo berriak eman ditzakete.

Azkenik, liderrak gara, gure eskubideen ezagutzarekin ahaldunduak garenean, eta lidergo-trebetasunez hornituak, gure komunitateetan aldaketa kudeatu dezakegu. Gazteek gidatutako erakundeak eta haien sareak, bereziki, babestu eta indartu egin behar dira, gazteen artean gizarte-lidergoko gaitasunak garatzen laguntzen dutelako, batez ere bazterreko biztanleen artean.

Gazte Plaza

Beraz, gazteok ere, etorkizuneko funtsezko zati bezala eta oraina eraldatzeko eragile modura, 2030 Agendaren ezarpenean lan garrantzitsua dugu egiteko. Horretarako, Agenda 2030aren inguruko ezagutza handitu beharra dugu, Garapen Jasangarrirako Helburuek ematen dizkiguten baliabideak ezagutu eta hauek era josian erabiltzeko gaitasunak handitzeko gure elkarteetan, taldeetan eta egunerokoan.

Hori da 2030 Agenda Gazte Plazan proiektuaren helburua hain zuzen. 2030 Agendaren ezagutza gazteen artean sustatzea, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiarekin elkarlanean. Horretarako EGK-k Gazte Plazaren II. edizioa antolatu du.

Erakusketa ibiltari horretan Garapen Jasangarrirako Helburuak zer diren ikusi eta ikasteko aukera izango dugu gazteok, gerora parte hartzen dugun espazio ezberdinetan (ikastetxeak, lantokiak, kultur elkarteak, alderdi politikoak eta abar) 2030 Agenda txertatu ahal izateko.

Aurten, GazteaPlaza Getxo, Portugalete, Laudio eta Errenteriako herrietan topatzeko aukera izango duzue, irailaren 26tik urriaren 24ra bitartean. 

Karpari buruzko informazio guztia gure sare sozialetan aurkitu dezakezue. Instagrameko @gaztekontseilua kontuan, X-en @Gaztekontseilua izenarekin eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko webgunean