Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik 40 urtetik beherako 23 gazte lehen sektoreko enpresak gidatzen hasiko dira. GFAk ia milioi bat euro bideratu ditu lehen sektorean belaunaldi-erreleboa sustatzea helburu duen egitasmora. Horrela, 20 gaztek jada martxan diren nekazaritzako ustiategien kudeaketa bere gain hartuko dute eta beste hirurak, berriz, ustiapen berriak jarriko dituzte abian. Ustiategi horien artean baratzezaintza eta haragitarako abeltzaintza izango dira jarduera nagusiak, baina erlezaintza, basogintza eta mahastizaintza bezalako jarduerak ere izango dira. Gainera, horietatik zazpi eraldaketa jardueretan oinarrituko dira eta beste zazpi, berriz, ekoizpen ekologikoan.
Aurreko urteetan bezala, Aldundiak topaketa bat antolatu du Iturraran parketxean aurtengo programan parte hartu duten 23 gazteekin batera, zazpi emakume eta 16 gizon. Programan parte hartu duen gazte horietako bakoitzak 43.005 euro jaso ditu eta, laguntza ekonomiko horrez gain, bost urtez aholkularitza teknikoa jasotzeko aukera izango dute.
Ia 20 urteko ibilbidea
Lehen sektorearen babeserako programa honek 2004an eman zituen bere lehen urratsak eta ordutik, guztira, 329 gaztek eman diete hasiera beren proiektu profesionalei, Aldundiaren laguntzarekin. Horietatik guztietatik 188k beren familia-ustiapenak kudeatzen jarraitzen dute eta beste 141k, berriz, negozio berriak hasi dituzte. Bestalde, azpimarratzekoa da enpresen arrakasta-tasa nahikoa altua dela, % 90ekoa, hain zuzen ere. Gainera, nekazaritza ekologikoak hazkunde nabarmena izan du Gipuzkoan eta 2016. urteaz geroztik horrelako 71 ustiapen berri sortu dira.
Lehen sektorearen jarraipena bermatzea funtsezkoa da, enplegua eta kalitatezko elikagaiak sortzeaz gain, sektore horren barruan Gipuzkoako lurraldearen % 80 inguru kudeatzen baita. Ondorioz, lehen sektorea ezinbesteko elementua da landa-ingurunea kontserbatzeko eta lurralde-oreka lortzeko.