Gipuzkoako 14 gaztek beren enpresa-proiektuak garatuko dituzte nekazaritza-sektorean

Belaunaldi erreleboa euskal lehen sektoreak duen erronka nagusietako bat da. Horregatik, funtsezkoa da gazteak baserri mundura erakartzea eta, ildo horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntza teknikoa zein ekonomikoa eskaintzen du errelebo hori bermatu ahal izateko.

Horrela, aipatu erreleboa laguntzeko aldundiak eskaintzen dituen laguntzei esker aurten 14 gaztek (horietatik, 5 emakumek) Gipuzkoako lehen sektorean lanean hasteko aukera izango dute. Izan ere, urtero, GFAk 40 urtetik beherako nekazariei beren enpresak  sortzen laguntzeko dirulaguntza deialdia egiten du. Aipatu 14 gazte horietatik 11 gaztek jada funtzionamenduan ziren ustiategien ardura hartuko dute eta beste hiruk, berriz, ustiategi berriak zabalduko dituzte.

Gazteak baserri mundura gerturatzea helburu duen programa horren aurrekontua 2021. urterako 507.910 eurokoa da. Beraz, onuradunek jasoko duten batezbesteko kopurua 39.616 eurokoa izango da.

Aipatu belaunaldi erreleboa laguntzeaz gain, kopuru horrekin ustiapenen garapena eta dibertsifikazioa ere lagundu nahi da. Zentzu horretan, azpimarratzekoa da aurtengo deialdira aurkeztu diren egitasmoen aniztasuna, bai jatorriari dagokionez, bai tamainari  dagokionez eta baita jarduerari dagokionez ere. Jarduerak direla eta, badira baratzezaintzarekin lotutako proiektuak, frutagintzarekin lotutakoak, ardi, txerri, behi nahiz hegazti edo erlezaintzarekin lotutakoak.

Dirulaguntzek Europar Batasunaren finantzazioa dute, % 80koa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza (LGENF) funtsaren bidez. Onuradunak Gaztenek 2015-2020 programaren barruan daude. Programa horren xedea da lehen sektorean lehenengoz sartu nahi duten gazteei laguntzak ematea. Horretarako laguntza eskaintzen da egitasmoak garatzeko orduan eta bai enpresa-plan bat aurkezten duten horiei diruz lagunduz ere. Laguntzak, gutxienez, 20.000 eurokoak dira, laguntza onesten denetik lehenengo bi urtetako soldata gisa. Kopuru hori biderka daiteke zenbait aldagaien baitan, baina gehienezko laguntza 70.000 eurokoa izango da.

289 gazte nekazari berri

Gaztenek programa 2005ean hasi zen eta ordutik hona  289 gaztek hasi dute beren proiektu profesionala laguntza horri esker. Horietatik, gainera, % 38 emakumeak izan direla azpimarratu behar da. Horietatik guztietatik, 175ek hasi dute familiartekoen ustiategiak kudeatzen, belaunaldi txandaketa bermatuz, eta 114k, berriz, negozio berriak ireki dituzte. Abian jarri diren ustiategien arrakasta-tasa oso handia da; haien % 90ek beren jarduerarekin jarraitzen dute. Aldi berean, nekazaritza ekologikoaren gorakada ere aipatu behar da; 2016. urtez geroztik halako 34 ustiategi zabaldu dira. 

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.