Euskara ikasteko aisialdi eskaintza anitza Darabilboren eskutik

Bere euskara maila hobetu nahi duten edo euskaraz gozatu nahi duten bilbotarrek parte hartu ahal dute programan

Urrian ere Darabilbok, euskarazko aisialdirako doako udal-programak, aisialdian euskararen erabilera sustatzea helburu duten jarduerez osatutako programazio anitza izango du.

  • Kakorratza tailerra: Arantza Aresen eskutik bi saio eskainiko dira Uribarriko Udaltegian. Lehenengoa urriaren 6an izango da eta bigarrena, berriz, urriaren 20an.
  • Bisita gidatua Errekalde Aretora: Urriaren 24an, goizeko 10etan eta arratsaldeko 6etan, Eduardo Sourrouille artista basauriarraren ‘Varietés’ erakusketa ikusteko aukera izango da.
  • Hitzaldi-solasaldia: Jose Ramon Etxebarriak gizateriaren lau asmakizun handienen inguruan hitz egingo du urriaren 25ean, 19:00etan, Santutxuko Udaltegian.
  • Literatur ibilaldi gidatua: Aldauri Fundazioko Jon Arretxeren eskutik, urriaren 26, 19:00etatik aurrera, literatur ibilaldi gidatua izango da Zabala, San Frantzisko eta Bilbo Zaharrean zehar.

Programatutako jardueretan parte hartu ahal izateko derrigorrezkoa da aldez aurretik izena ematea darabilbo.eus webgunean edo darabilbo@gmail.com posta elektronikora idatziz edo 607 530 132 deituz. Telefono hori ere erabil daiteke datozen hilabeteetarako programaziorako proposamenak egiteko.

Darabilbo

Darabilbo programa Bilbo Udalak eta Bilboko Euskaltegien Sareak 2013. urtean martxan jarri zuten programa da eta helburu garbia du: euskara maila hobetu nahi duten horiei eta euskaraz gozatu nahi duten horiei aisialdi jarduerak eskaintzea. Horretarako, uztailean eta abuztuan izan ezik, hainbat jarduera eskaintzen dira Bilboko barruti guztietan zehar. Jarduerak 16 urtetik gorakoentzat aurreikusita daude, baina zenbait kasutan, familientzako jarduerak ere programatzen dira.