Zer dakizu 2030 Agendaren inguruan?

Gazte Plaza erakusketa ibiltariak gazteen eta, oro har, herritar guztien artean Garapen Jasangarrirako Helburuei eta 2030 Agendari buruzko ezagutza handitzea du helburu

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK), Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Soziala eta 2030 Agenda Idazkaritzarekin, Gazteria Zuzendaritzarekin eta Getxo, Portugalete, Laudio eta Errenteriako udalekin elkarlanean, “Gazte Plaza” erakusketa ibiltaria jarri du abian. Proiektu honen helburu nagusia da Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJH) eta 2030 Agendari buruzko ezagutza zabaltzea eta areagotzea, batez ere gazteen artean.

Gazte Plaza erakusketa Portugalete, Laudio eta Errenteriako udalerrietan egongo da datozen asteetan, herritarrei GJHetara hurbiltzeko eta Euskadiren eta munduaren etorkizun iraunkorrerako duten garrantzia ulertzeko aukera eskainiz. Getxon izan da jada erakusketa irailaren 26tik urriaren 2ra bitartean.

Erakusketako karpa egunero egongo da zabalik eguerdiko 12:00etatik arratsaldeko 7:00etara. Bisitariek GJHak eta dagozkien azalpenak ingurune interaktibo batean aztertzeko aukera izango dute. Gainera, jarduera osagarriak egingo dira, hala nola scape rooms eta hitzaldiak, GJHekin lotutako hainbat gairi heltzeko diseinatuak.

Hauek dira hurrengo hitzorduak:

  • Portugalete: urriaren 5etik 9ra, La Canilla Plazan.
  • Laudio: urriaren 12tik 17ra Alberto Acero Plazan.
  • Errenteria: urriaren 20tik 24ra, Agirre Lehendakaria Plazan.