Trebatu, ekin eta izan

20 eta 35 urte bitarteko gipuzkoar gazteek datorren urriaren 20ra arte izena eman ahal izango dute Gazte Ekoliderrak programan.

Kutxa Fundazioak, EHU/UPVko Uda Ikastaroen (UIK) laguntzarekin, Gazte Ekoliderrak programaren edizio berri bat aurkeztu du. Programa jasangarritasunean eta lidergo eraldatzailean interesa duten gazteei zuzenduta dago eta aukera paregabea eskaintzen du arlo horietan trebatzeko eta gizarte-eraldaketaren sustatzaile aktibo bihurtzeko.

Gazte Ekoliderrak jasangarritasunean sakondu, lidergo eraldatzaileko gaitasunak eskuratu eta ezagutzak proiektu kolektiboetan aplikatu nahi dituzten 20 eta 35 urte bitarteko gazteentzat diseinatuta dago. Programa hiru ardatz nagusitan egituratzen da: “Trebatu” (formatu), “Ekin” (jardun) eta “Izan” (bihurtu).

3 ardatz

“Trebatu” atalean, parte-hartzaileek gaitasunak eta ezagutzak eskuratuko dituzte iraunkortasunaren eta lidergoaren hainbat arlotan. Bestalde, “Ekin”-ek aukera emango du ikasitakoa talde-proiektuen bidez praktikan jartzeko, lankidetzako lidergoa sustatuz eta emaitza eraldatzaileak sortuz. Azkenik, “Izan” atalari esker, parte-hartzaile bakoitzak bere ibilbide-orria garatu ahal izango du, aldaketaren eragile aktibo bihurtzeko, hau da, benetako “Gazte Ekoliderrak” bihurtzeko.

Programa sei hilabetean zehar garatuko da, eta, besteak beste, hilean bi saio presentzial egingo dira Donostian, hiru elkarbizitza asteburu, gaien testuingurua lantzeko lineako lana eta banakako jarduerak.

Edizio honetan, Kutxa Fundazioak programaren kostuaren % 80 estaltzen duen beka bat eskaintzen du, parte-hartzaileentzako gastua nabarmen murrizten duena. Prestakuntzaren balio osoa, UPV/EHUko Udako Ikastaroen Fundazioak (UIK) egiaztatua 4 ECTS krediturekin, 2.000 eurotik gorakoa da pertsona bakoitzeko, baina beka horri esker, interesdunek, guztira, 300 euro baino ez dituzte ordaindu beharko.

Hautagai izateko, beharrezkoa da euskara ulertzea eta 2023ko azarotik 2024ko apirilera bitartean egingo diren saioen % 80ra joan ahal izatea.

Izen-emateak 2023ko urriaren 20ra arte egongo dira zabalik.