Egunero dutxa hartzea ez omen da ona larruazalerako

Harvard Unibertsitateko ikertzaile talde batek burutu duen azterlan baten arabera, egunero dutxa hartzea ez omen da ona gure azalaren osasunerako. Txostenaren ondorioen arabera, eguneroko garbiketa-errutina horrek azalarentzat onuragarriak diren bakterio batzuk ezaba ditzake, eta horrek, aldi berean, lehortasuna, narritadura, azkura eta infekzioak eragin ditzake.

Ikerketaren buru Robert H. Shmerling-ek ohartari duenez, bakterioen aurkako dutxa-gelak ekidin behar dira, azalean diren mikroorganismoen orekarako ezinbestekoak diren bakterioekin akabatzen dutelako eta, ondorioz, antibiotikoak hobeto jasaten dituzten organismoak biderkatzen dira.

Hainbat aldagai

Ikerketak egunero dutxa hartzearen ondorioak jasotzen ditu, baina ez du zehazten zein den dutxa hartzeko maiztasun edo frekuentzia egokia. Izan ere, hori pertsona bakoitzaren aldagai eta ezaugarrien araberakoa izango da. Hala ere, txostenak garbi uzten du hobe dela egunero dutxatzea norberaren higienea ez zaintzea baino, ondorio kaltegarriak biderkatu egiten baitira: zikinkeria eta koipea pilatzea, larruazala lehortzea, azkura…

Columbia School of Nursing eta School of Public Health-eko Elaine Larson doktorea ere iritzi berekoa da. Bere ustez, dutxa osasun kontua baino estetika kontua da eta astean hiruzpalau aldiz dutxatzea nahikoa izan daitekeela dio, sistema immunitarioak ahulduta dituzten pertsonen kasuan izan ezik.

Larsonek ondo iradokitzen duenez, dutxa estetika kontua ere bada eta, alde horretatik, funtsezkoa da gorputzeko usain txarra saihesteko. Garbi dago zenbait egun dutxa hartu gabe egon ostean usain txarra azal daitekeela. Horregatik, garrantzitsua da aldizka dutxa hartzea, eta iraupen laburrekoak badira, hobe. Azterlanaren arabera, egokiena hiru minutu inguruko dutxak hartzea da eta ur beroa erabili beharrean, ur epela erabiltzea.

Erabili beharreko produktuak

Larruazala zaintzeko produktuei dagokienez, parafinak edo petrolioaren bestelako deribatuak dituzten produktuak saihestea gomendatzen da, baita lurrin edo perfume gehiegi dutenak ere, narritadura eragin baitezakete. Aldiz, glizerinazko basea duten produktuak nabarmentzen dira, propietate hezegarriak dituztelako eta azala hidratatzeko, hazkura arintzeko eta babes naturaleko hesi bat sortzeko onuragarriak direlako, betiere pH neutroa mantentzen bada.

Osasunaren Munduko Erakundeak ere dutxaren iraupena 5 minututik beherakoa izatea gomendatzen du egunean 95 litro ur baino gehiago ez kontsumitzeko. OCU Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundearen arabera, bost minutuko dutxa batean 50 litro inguru kontsumitzen dira eta bainuontzia betetzeko, berriz, 200 litro inguru ere behar izaten dira.