Bilbok rock erritmora dantzatuko du udazken honetan

Bilborockek udazkeneko programazioari hasiera emango dio musika eskaintza zabal eta anitzarekin, gazteei beren ibilbide artistiko profesionalean laguntzen jarraitzeko helburuarekin

Bilborock udal aretoa udazkeneko programazioari hasiera emateko prestatzen ari da, eta dagoeneko finkatuta dauden hainbat musika-berritasun eta -programa eskainiko ditu, Bilboko kultur eta musika eskaintza aberasteko asmoz. Bilboko Udalak gune hori sormen-, musika- eta kultura-esparruetan talentu gazteentzako ekintzailetza-eragile eta erreferente bihurtu nahi du.

Bilborocken udazkeneko denboraldirako askotariko eskaintza osatzen duten proposamenen artean, Igandays, Freskure, Femme eta Imaginautak programak daude. Programa horiek guztiak lankidetza, antzeko interesak dituzten pertsonen arteko sinergia eta musikaren eta kulturaren arloan ekintzailetzak sustatzeko diseinatuta daude.

2023ko udazkeneko berriak

Programazioko plater nagusietako bat ‘Klasikoak’ ekitaldia izango da, azaroaren 10erako programatua. Kontzertu berezi honen helburua da Euskadiko eta Estatuko artista eta talde historikoak berreskuratzea.

Parte hartzaileen artean DJ Nash, izen handiko jaialdietan ibilitako bilbotar DJ ezaguna, Monos, Getxokoak eta Getxo Sound mugimenduko ordezkariak daude, “Lo invisible” disko berriaren aurkezpenarekin, 3 from hell, country-punk eta psycho-rockabilly proiektu berria, Bilboko musikariek osatua, eta Sex Museum madrildar rock talde ikonikoa, Bilborock aretoarekin lotura historiko sendoekin. Sarrerak 12 euro balioko du (entradium bidez) eta 15 euro txarteldegian.

Kontzertu bereziak

Bilborockek, Vinilo FM taldearekin elkarlanean, Punto Nemo bandaren kontzertua programatu du urriaren 5erako. Gainera, Bilborockeko bideo- eta podcast-estudioan grabatutako irrati-jarduera tematikoak eta elkarrizketak planifikatu dira, lankidetza horren parte gisa.

Azaroaren 17an, rock eta umore zaletuek Skimales talde bilbotarraren ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute.

Bocanegra DJ gazteen kolektiboak eramango du musika elektronikoa eta urbanoa Bilborockera, “Hay Meneo” lanarekin. Bi saiok, urriaren 6rako eta abenduaren 1erako programatuak, tokiko eszenako talentu berriak erakutsiko dituzte, esperientzia handiko artista profesionalek lagunduta, eta sarrera doakoa izango da.

Gainera, sortzen ari den tokiko talentuarekin duen konpromisoaren barruan, Bilborockek, “SON Estrella Galicia” musika-proiektuarekin lankidetzan, Estatuko eta nazioarteko bandak eta bertako talde gonbidatuak konbinatuko dituen kontzertu sorta bat eskainiko du. Kontzertu hauetarako sarrerak SON Estrella Galicia musika-plataformaren bidez erosi ahal izango dira.

Bilborocken beste programa eta zerbitzu batzuk

Igandays. Kontzertu-ziklo hau iraileko eta azaroko igandeetan izango da, 13:00etan. Igandaysek arreta berezia jartzen du bandetan emakumeak egon daitezen. Azaroaren 26an Berta Vittersweet igoko da agertokira, Aitor Zorriketa gitarra-jotzailearekin batera bere proiektu berria aurkeztuko du.

Freskure – Bilbao Fresh Musika! Ekimen honen helburua musikari eta banda amateurrei beren sorkuntzak erakusteko espazioak eskaintzea da. Ziklo honek Deu Txakartegiren laguntza izango du. Kontzertuak doakoak izango dira, urriaren 13an, ostirala, 20:00etan Instante Club + Ostrich Wedding taldeekin. Abenduaren 22an beste jaialdi bat dago programatuta, Freskure Berezia batean oraindik definitzeke dauden taldeekin.

Ondorengo kontzertuetan parte hartu nahi duten talde/bakarlariek euren proposamenak bidali ahal izango dituzte bilborock@bilbao.eus helbidera, gaian FRESKURE adieraziz. Izena emateko formularioa: https://bilbaogazte.bilbao.eus/es/2021/09/13/freskure-bilbao-fresh-musika. Informazio gehiago nahi izanez gero, interesdunek Bilborockera (94 415 13 06) deitu ahal dute, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara.

Programa gehiago
  • Femme Bilbao. Solasaldi-/kontzertu-zikloa emakume artistekin eta diziplina anitzekoekin, online formatua eta aurrez aurrekoa konbinatuz. Bilborocken grabatutako saio bakoitzean, sormen-esparru desberdinetako bi emakumek solasaldi/erakusketa bat partekatuko dute, non beren esperientzia pertsonalak eta sorkuntzak azalduko dituzten.
  • Lokal Sessions. Bilboko Udalak doan eskaintzen die gazteei Bilborockeko entsegu-aretoetan kalitatezko musika-bideo bat grabatzeko aukera, beren lana areto profesionaletan sustatzeko tresna izango dena eta Bilborock eta Bilbao Gazteko sare sozialetan argitaratuko dena. Abenduan, 2023an grabatutako 10 saioen proiekzioa egingo da. Grabazio hauetan parte hartu nahi duten talde eta bakarlariek euren proposamenak bidali ahal izango dituzte bilborock@bilbao.eus helbidera, gaian LOKAL SESSIONS adieraziz. Informazio gehiago nahi izanez gero, Bilborockera (94 415 13 06) deitu ahal dute, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara.
  • Imaginautak. Azaroaren 14an, Bilborockek “Imaginautak” saio berriak hartuko ditu, artista gazteek beren diziplina artistikoetako proiektuak partekatzen jarrai dezaten (poesia, zinema, musika, dantza, performance-a, argazkilaritza, moda, etab.).
  • DJ lehiaketa. Urteroko lehiaketa honen helburu nagusia DJ gazteen sorkuntzei balioa ematea da. Izen-emateak azaroan egingo dira eta aukeratutako 6ak Bilborocken arituko dira abenduan.
  • Gazte Egunak. Ekimenak 18 eta 30 urte bitarteko pertsonei eta taldeei musika, arte eszenikoak, teknologia, diseinua, proiekzioak, topaketak eta hitzaldiak eskaintzen dizkie dohainik. Hilean behin, Bilboko Udalak Bilborockeko erabilera anitzeko aretoa, ekipoak eta teknikariak jartzen ditu interesdunen eskura. Nahi duenak Bilborockera jo dezake: 94 415 13 06 (astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:30era) edo bilborock@bilbao.eus helbidera, gaian Gazte Egunak programa adieraziz.
  • Podcast- eta bideo-estudioa. Podcastak eta bideoak grabatzeko gela bat ireki da, audioa eta bideoa grabatzeko material teknikoz hornitua, eta beharrezkoa den prestakuntza ere eskaintzen da, gazteek beren edukiak sor ditzaten.

Gune hau erreserbatzeko Bilborockeko 94 415 13 06 telefonora deitu beharko da.