Gaitu, euskarazko milaka ahots biltzea helburu duen kanpaina

Lortutako grabazio horiekin guztiekin teknologia berriei euskara ‘irakatsi’ nahi zaie.

Esparru digitalean euskararen presentzia eta garrantzia  bermatu nahian, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak Gaitu izeneko kanpaina jarri dute martxan. Kanpaina berriaren xedea da makina eta teknologia berriei euskara irakastea eta, horretarako, testuzko eta ahozko datu-masa bildu nahi da.

“Batu dezagun gure ahotsak” lelopean, kanpainak euskaldunak animatu nahi ditu beren ahotsak grabatzera eta gaitu.eus atarira igotzera. Helburua milaka grabazio lortzea da teknologia berriek erabili ahal izango duten datu-bankua ahalik eta handiena izateko.

Gaitu

Gaitu atariak bi funtzio nagusi eskaintzen die erabiltzaileei. Alde batetik, plataformak proposatutako esaldia irakurri eta grabatu ahal dute erabiltzaileek. Plataformak esaldi ezberdinak eskainiko ditu nahi adina aldiz. Bestalde, beste erabiltzaileek egindako grabazioak entzuteko eta horiek balioztatzeko aukera ere ematen da.

Esan bezala, helburua ahalik eta ahots gehien biltzea da. Helburu hori  ‘Common Voice’ nazioarteko egitasmoan oinarritzen da, 105 hizkuntzetako ahotsak biltzea helburu duen irabazi asmorik gabeko proiektu irekia.

Euskara bezalako hizkuntza gutxituak ez dira enpresa teknologiko handien lehentasuna eta, ondorioz, erakunde publikoek hartu dute euskara esparru digitalean sartzearen ardura. Gaitu egitasmoaren bidez euskarazko milaka grabazio lortu nahi dira. Horiekin, besteak beste, mugikorrari diktaketa bidez emandako mezuak, pertsona jakin bati deitzeko ahots bidezko aginduak, ibilgailuko nabigatzailearen jarraibideak edota etxeko domotika gailuei ahots bidezko aginduak garatu nahi dira.

Egitasmoa urte hasieran onartutako Hizkuntzaren Teknologien Ekintza Planaren barruan kokatzen da. Aurkezpen ofiziala Donostiako Tabakaleran egin da eta bertan izan dira Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Bingen Zupiria; Nafarroako Gobernuko Bigarren lehendakariordea eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria Ana Ollo eta teknologia berriekin eta euskararekin harremana duten Librezale eta Bagera elkarteetako kideak.