Eusko Jaurlaritzak euskara Hizkuntza Teknologietan integratzea helburu duen GAITU-Hizkuntza teknologien Ekintza Plana 2021-24 aurkeztu du. Plan horrek Eusko Jaurlaritzak eta bere erakunde autonomoek jada abian jarri dituzten edo abian jartzear dituzten hainbat egitasmo hartzen ditu bere gain.
Hizkuntza teknologien xedea da ahozko zein idatzizko hizkuntzaren prozesamendua. Horren barruan aurkitzen dira, adibidez, Adimen Artifizialean oinarritzen diren Hizkuntza Prozesamendua eta Itzulpengintza Automatikoa.
GAITUren xedea da hizkuntza prozesamenduaren teknologiak erakunde publikoen eguneroko jardueran txertatzea, betiere, eskaintzen den zerbitzu publikoaren kalitatea hobetzeko. Horretarako, administrazioaren kudeaketa publiko elebidunaren jardueraren testuinguruan sortutako hizkuntza-baliabideak bildu, estandarizatu, zabaldu eta berrerabiliko dira.
Helburuak
Aurkeztu berri den ekintza planak bi ardatz nagusi ditu. Alde batetik, Administrazio Publikoak hizkuntza-teknologien bultzatzaile izatearen beharra sustatu nahi da. Bestetik, euskara hizkuntza nagusiekiko duen arrakala murriztu nahi da.
Planaren barruan biltzen diren egitasmoen artean, bestek beste, honako hauek aurkitzen dira: ITZULI itzultzaile neuronala hobetzen jarraitzea; helduen euskalduntzerako ikaskuntza plataforma integratu bat sortzea; justizia arlorako itzultzaile neuronal bat sortzea; Osakidetzako testu klinikoen itzultzaile neuronal bat garatzea; administrazio ezberdinek sortzen dituzten hizkuntza-corpusak biltzea edota adimen artifizialaren oinarria diren datu guztiak bildu eta berrerabiltzeko moduan eskaintzeko Datuaren Bulegoa sortzea. Ekintza Planaren hasierako aurrekontu 4,6 milioi eurokoa izango da, baina aurrera egin ahala kopuru horrek gora egin ahal du, bereziki, egitasmo berriak gehitzen badira.